Petronorretik Repsolera jauzi egin du Josu Jon Imazek (Zumarraga, Gipuzkoa, 1963). Petronorreko presidente izatetik Repsol petrolio ekoizle espainiarreko kontseilari ordezkari izatera pasa da. Repsolena da Petronor eta Imaz Repsoleko zuzendaritza batzordeko kidea zen 2012tik, enpresako Industria eta Energia Berrien zuzendari nagusia. Repsolek lehen ez zeukan kontseilari ordezkaririk, orain sortu du kargua. Petrolio ekoizleak atzo jakinarazi zion erabakia Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari (CNMV). Imaz izango da, beraz, Repsoleko bigarren kargu nagusia, Antonio Brufau presidentearen ondokoa. "Erronka eta aukera berriak zuzentzea" izango da bere lana.
Imaz ezagunagoa da politikan egindako ibilbideagatik, enpresa munduan egindakoagatik baino. Eusko Jaurlaritzako Industria sailburu eta bozeramaile izan zen 1999tik 2004ra. Eusko Jaurlaritza utzi egin zuen, EAJko presidente izateko (Xabier Arzalluz ordezkatu zuen). 2007an Euzkadi Buru Batzarrerako barne hauteskundeetara ez aurkeztea eta politikagintza uztea erabaki zuen. Ez zen aurkeztu, bere esanetan, alderdiaren barruan zatiketarik ez eragiteko. Agerikoak izan ziren Imazen eta EAJren barruko sektore baten arteko (Juan Jose Ibarretxe, Joseba Egibar) desadostasunak diskurtsoetan eta estrategian. 2007ko irailean EAJko ardurak utzi eta 2008ko uztailean hartu zuen Petronorreko presidentetza.
Ikasketaz kimikaria da, polimeroetan espezializatua. EHUn ikasi zuen kimika, eta doktorea da. Espainiako Industria eta Energia Ministerioaren beka batekin lan egin zuen Naoneden (Bretainia) eta Inasmeten aritu zen gero, Compositen eta Polimeroen arduradun, 1994 arte.
Repsolen esanetan, "Imaz bat dator Repsolen izaerarekin". Brufauk goraipatu egin du Imazen ibilbidea eta gaitasuna: "Ibilbide bikaina egin du Repsolen eta kontseilari ordezkari egokiena da bere giza gaitasunengatik, ezagutza teknikoengatik, gaztetasunagatik eta enpresarekin bat egiten duelako".