Luzapen bat eskatu dio berriz ere CADE ingurumena babesteko elkarteak Laurent Nuñez Baionako suprefetari AHT berriaren proiektuaz. Eztabaida eskatzen du, «gaurko trenbideen modernizazioaz, egokitzapenaz eta herritarren babesaz, eta hori, oinarri serios eta sinesgarriekin», gutunaren izenpetzaile CADEko Pantxoa Tellier-ek zehazturik.
Elkartea prentsaurrekoaz baliatu da, RFFkoekin otsailaren 9an izan kontzertazio bilkuraren berri emateko. Bertan, RFFk trafikoa hasieran aurreikusia baino apalago dela onartu duela dio CADEk. Proiektua hasieran «ugari» zela eta orain aldiz «fintzen ari direla» erran die RFFkoek. Bide berriarentzat, bi hipotesi berri agertu baitira. Batetik, Mugerreko pleita gunearekin ez dute gehiago loturarik egiteko asmorik. Eta bigarrenik, Baionarantz doazen edo Baionatik jalgitzen diren bideekin bide berriak eginen lukeen lotura bide bakarrekoa litzateke, ez bikoa.
Elkarteak kantonamenduetako hauteskundeetan aurkeztuko direnei ere bidali die gutun bat. Hautatuak badira proiektuaren finantzaketa salatu eta diru gehigarriaren eskaeraren aurka bozkatzeko prest diren galdetzen diete. Erantzunak jakitera emanen ditu CADEk. Diruztatze horren bozketaren aurka direnen alde egitera deitzen du.
Babesa Aramaioko alkateari
Bestalde, atzo Espainiako Sustapen Ministerioko funtzionarioak Andoaingo udaletxean izan ziren, udalerriko lurren desjabetze aktak sinatzen. Horren aurka, dozenaka lagun elkartu ziren, eta tirabirak eta tentsio uneak izan zituzten ertzainekin.
Ezker abertzalea eta AHT Gelditu! Elkarlana pozik agertu dira Aramaioko (Araba) alkate Asier Agirreren aurkako zigorra baliogabetu dutelako. Ezker abertzalearen iritziz, Aramaioko herriaren «garaipena» izan da auzitegiaren erabakia. AHT Gelditu! Elkarlanak Aramaioko herriaren jarrera txalotu du, «demokraziaren, gizarte eta ingurumen kontzientziaren eredu» delako iritzita. Hala, babesa azaldu diote igande honetarako Gasteizko Lakua-Arriaga auzoko herritarrek antolatu duten AHTaren inguruko herri galdeketari.
RFFk onartu dio CADEri AHTaren trafikoa aurreikusi baino txikiagoa izango dela
Aramaioko alkatea absolbitu izana «herriaren garaipena» izan dela uste du ezker abertzaleak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu