BIHAR BERRIA-N

Ricardo Peña: "Egungo baldintzetan, Pasaiako kanpoko kaiak aukera gutxi ditu aurrera egiteko"

Pasaiako Portu Agintaritzako presidenteak uste du kaiak egungo neurriekin Gipuzkoaren beharrei erantzuten diela. Hari eginiko elkarrizketa argitaratuko du bihar BERRIAk.

jarraia83913.jpg
2013ko irailaren 20a
20:59
Entzun

Aurtengo otsailean izendatu zuten Ricardo Peña Pasaiako Portu Agintaritzako presidente; sei hilabete daramatza karguan, eta aitortu du "konplexutasun" handiko erakundea dela berak zuzendutakoa, "interes eta pertsona asko" baitaude.

"Egungo baldintzetan" Pasaiako kanpoko kaia egiteko egitasmoak aurrera egiteko "aukera gutxi" dituela uste du Peñak, eta datuekin argudiatu du uste hori. Haren esanetan, 2.6-2,7 milioi tonako salerosketarekin amaituko du urtea portuak, eta urteroko batez bestekoa lau milioi tonakoa izango da. "Aurreikusi ditugun neurriak hartuta ere, lau milioi tonara ez gara iritsiko hemendik bost urtera arte".

Salerosketa neurri horretarako, egungo portuaren tamaina "nahikoa" dela uste du, Gipuzkoako enpresen beharrei "ondo" erantzuten dielakoan. Are, ohartarazi du egungo portuak balio ez duela argudiatu izan dela "kanpokoa eraikitzea justifikatzeko".

Egitasmoak izango lukeen eragin ekologikoari ere erreparatu dio Peñak: "Egitasmoaren morfologia eta Jaizkibelgo itsaslabarraren formak kontuan hartuta, asaldura asko eragiten dira barruan". Aurrera jarraitzekotan, proiektuaren morfologia aldatu beharko litzatekeela uste du.

Biharko alean argitaratuko du BERRIAk Peñari eginiko elkarrizketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.