Olinpiar Jokoen berri luze eta zabal eman izan du BERRIAk bere sorreratik, eta hala egingo du aurten ere. Webgune berezi batean bilduko ditu papereko eta sareko edukiak, eta Seigarren uztaia saio berezia egingo du Berria telebistak. Gaur iritsi dira Rio de Janeirora (Brasil) Imanol Magro eta Enekoitz Telleria BERRIAko kazetariak. Artikuluak eta elkarrizketak idazten arituko dira, eta bideo kronikak bidaliko dituzte Seigarren uztaia saiorako. Abuztuaren 5etik 22ra egingo du saioa Berria telebistak, baina lehen bideo kronika egina dute kazetariek, Olinpiar Jokoak hasi aurreko giroak eta Rio de Janeirok sortu dizkietenak kontatzeko.
Berria telebistak egunero egingo du Seigarren uztaia saioa. Webgunean 16:00etan hasita ikusi ahalko da —igandeetan izan ezik—, eta, gero, saioa osorik eta atalak zatikatuta ikusteko modua izango da Berria.eus-en. Lara Madinabeitia, Ander Gartzia eta Julen Aperribai arduratuko dira saioaz, eta BERRIAko Kirol saileko kazetarien laguntza jasoko dute. Jokoei buruzko saioak hainbat atal izango ditu: adituei eginiko elkarrizketa eta solasaldiak, erreportajeak, eguneko albisteei emaniko begiratua...
Interneteko eskaintza osatua egingo du BERRIAk, webgune berezi batekin. Paperean, BERRIAk Olinpiar Jokoen inguruko hamabi orrialdeko gehigarri bat argitaratuko du egunero, abuztuaren 4an hasita.