Heriotza espetxean

Roberto Sainz Olmos presoa hil da Aranjuezko espetxean

Portugaleteko (Bizkaia) Roberto Sainz Olmos presoa hil da Aranjuezko (Madril, Espainia) kartzelan. Espainiako Espetxe Erakundeetako iturriek agertu dutenez, bihotzekoak emanda zendu da 41 urteko presoa. Iturri horien arabera, ziegakideak, beste euskal preso politiko batek, ohartarazi die kartzelako funtzionarioei Sainz Olmos ondoezik zegoela, eta espetxeko erizaindegian hil da. Askatasunaren arabera, ordea, Igor Anguloren heriotza salatzeko enkartelada batean parte hartzen ari zela egin zaio ondoeza. 2003ko irailean atxilotu zuen Ertzaintzak Roberto Sainz, Ana Lopez neska-lagunarekin batera. Arkautin inkomunikatuta egon ziren bost egunetan torturatu egin zituztela salatu zuten. Azkenaldian bularreko min handiak sentitzen zituen.

2006ko martxoaren 3a
14:55
Entzun
Espainiako Espetxe Erakundeetako iturrien arabera, Aranjuezko kartzelako erizaindegian hil da euskal preso politikoa. Azaldu dutenez, ondoeza egin zaio eta ziegakideak eman die horren berri funtzionarioei. Berehala erizaindegira eraman dutela diote iturri horiek, eta han kartzelako hiru medikuek eta lau erizainek berpizteko ahalegina egin dute. Halaber, SUMMA Madrilgo larrialdi taldeei deitu diete, eta haiek berpizteko saioa egin dute. SUMMAko medikuek egiaztatu bide dute hil dela.

Askatasunak eman dituen azalpenen arabera, enkartelada batean parte hartzen ari zen ondoeza izan eta konortea galdu duenean. Funtzionario batek Saizen ziegakideari deitu dio, eta hil dela esan dio.



Bi urtetik gora epaitu gabe

Hil berri den presoa 2003ko irailean 7an atxilotu zuen Ertzaintzak, Portugaleten, Ana Lopez neska-lagunarekin batera. LABeko ordezkaria zen atxilotu zutenean, Osakidetzan. ETAko kide bat etxean hartzea egotzi zieten biei.

Arkautin, Ertzaintzaren egoitzan, bost egunez inkomunikatuta egon ziren, eta epe hori beteta Espainiako Auzitegi Nazionaleko Teresa Palacios epailearen aurrean deklaratu zuten. Akusazio guztiak ukatu zituzten, baina, hala ere, baldintza gabe espetxera zitzatela agindu zuen. Akusazioak ukatzeaz gain, inkomunikatuta egon ziren bitartean ertzainek tortura fisiko zein psikologikoak egin zizkietela salatu zuten.

Ordutik badaezpadako espetxealdian zegoen Sainz, epaitzeko zain.

Azkenaldian bularreko minez

Espainiako Espetxe Erakundeek agertu dutenez, otsailaren kartzelako medikuek egin zioten ohiko azterketa batean, bularrean mina izaten zuela aipatu zuen Saizek. Hori dela eta, Madrilgo Gregorio Marañon Ospitaleko kardiologia kontsultara eraman zuten otsailaren 12an. Aipatu iturrien arabera, elektrokardiograma egin zioten, baina ez zioten ezer sumatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.