Gaur goizetik, Rodeznoko Kondeak ez du plazarik Iruñean. Frankoren lehen gobernuan Justizia ministro izan zenaren izena ezabatu du Iruñeko Udalak kale izendegitik, eta Askatasunaren enparantza izena paratu dio bigarren zabalguneko plaza horri. Xafla zaharra kendu eta berria jarri dute udal beharginek, han zeudenen txalo eta irri artean.
Udalean ordezkaritza duten talde guztiak izan dira ekitaldian, baita UPN ere, aurreko hiru legealdietan Rodeznoko Kondea izena aldatzearen kontra gogor aritu den arren.
Joseba Asiron alkatearen esanetan, "Iruñeko herritarrekiko zorra kitatzeko saioa" izan da gaur goizekoa. "Duela zenbait urte, saiatu ginen ministro frankistaren izena kentzen, baina aurreko gobernuak galarazi egin zigun. Hori aldatzera etorri gara gaur".
Oroimen historikoaren esparruan lanean diharduten elkarte ugari bildu dira ekitaldira, eta baita fusilatuen senide ugari ere. Han izan da, besteak beste, Josefina Lamberto, tropa frankistek bortxatu eta eraildako Maravillas Lamberto zenaren ahizpa.