Martxoko hauteskundeen ostean kontsulta ez dela EAJren botoen «trukerako txanpona» izango adierazi du PSOEren ordezkari eta Espainiako Senatuko presidente Javier Rojok. Haren ustez, kontsulta ezin da egin. «Hori ez du nik bezalako sozialista batek bakarrik pentsatzen, baita horretarako baldintzak ez direla ematen iruditzen zaien EAJko hainbat agintarik ere».
Galdeketaren inguruan Eusko Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxek egindakoproposamena «bideraziena» dela uste du Rojok. «Askatasunik gabeko eta indarkeria nahiz mehatxu egoera batean ezinezkoa da konfrontazioa sortu eta herritarren arteko elkar ulertzea hausten duen proposamen bat egitea».
Arabako Batzar Nagusiak eta Gasteizko udala horren aurka agertu izana «kontuan hartzeko»eskatu dio Ibarretxeri.
Batasuneko ordezkariekin biltzeagatik Ibarretxek duen auziaren inguruan, berriz,ez zaio «bururatu ere egin» Espainiako gobernuko presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterok lekuko gisa deklaratuko duenik, Ibarretxeren defentsak hala eskatu duen arren.
HAUTESKUNDEETARA AURKEZTUKO DA. Rojo Espainiako Senatuko presidente izaten jarraitzearen alde agertu da PSE-EE zuzendaritza. Legealdia «gogorra eta tentsioz betetakoa» izan den arren, martxoko hauteskundeetan Espainiako Senaturako Arabako hautagai izango dela berretsi du Rojok. «Gero ikusiko da zer gertatzen den. Hautesleen eta alderdiaren esku dago hori, eta nik errespetu handia diot haiek erabakitakoari». Hauteskundeak zein egunetan izango diren erabakitzea Rodriguez Zapaterori dagokion arren, aukeratu du litekeena dela martxoaren 9an izatea. «Aurreikuspen guztiek data horretara garamatzate».
Hauteskunde horiek irabazteko PSOEk «ETAren beharra» duela adierazi zuen duela egun batzuk Jaime Mayor Oreja PPko eurodiputatuak. «Halako adierazpenak mingarriak dira.Bera Bruselara joan da, eta gainontzekoak hemen geratu gara aurpegia ematen. Gezurrak baino ez ditu esaten hauteskundeak irabazteko».
Azken agintaldian 500 atxiloketa baino gehiago izan direla, eta ez dutela ETAren aurrean «amore eman», gogoratu du: «Etorkizunean ere Zuzenbide Estatuaren arabera jokatuko dugu».
Rojok dio kontsulta ez dela EAJren botoak lortzeko «trukerako txanpona» izango
Arabako Batzar Nagusien eta Gasteizko Udalaren ezetza «kontuan hartzeko» eskatu dio Ibarretxeri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu