Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako Giza Eskubideen Batzordeko presidenteak dimisioa aurkeztu du, Sevilla II-ko espetxera bisita egiteko batzar nagusiek adostutako ebazpena ez onartzeagatik. Kartzela horretan dauden euskal presoei ematen dieten tratuaren berri izateko, bertara joatea onartu zuten batzar nagusiek astelehenean.
Romerok, PSE-EEko eta PPko gainerako batzarkideekin batera, ebazpenaren kontra bozkatu zuen, eta horren alde egin zuten, berriz, Bilduk, Aralarrek eta EAJk. Ebazpenean onartu zutenez, Lohitzune Txarola batzar nagusietako presidentea eta Romero —giza eskubideen batzordeko presidente gisa— ziren Sevilla II-ra joatekoak.
Sevilla II kartzelan dauden euskal presoen egoera salatzeko, gose greba abiatu zuten bertako euskal preso ugarik urriaren 28an. “Sevillako egoera ez da atzo goizekoa; izan ere, espetxeko bakartzean kokatzeaz gain, zigor erregimen iraunkorra aplikatzen diete. Patio orduetan elkarrekin atera beharrean bananduta irtetera behartzen dituzte, etengabeko miaketak jasan behar izaten dituzte eta osasun eskubidea ez zaie bermatzen”, oroitarazi zuen Euskal Preso Politikoen Kolektiboak.
Romerok azaldu du batzar nagusien agindua "kontraesanean" dagoela bere iritziarekin eta "koherentzia politikoagatik" aurkeztu duela dimisioa: "Uste dut onartutakoaren tankerako keinuak politikoki desegokiak direla eta beharrezko adostasunetik urrun daudela. Nolanahi ere, aitortzen dut hartutako erabakiaren zilegitasun demokratikoa eta nire ardura politikoa izan beharko litzatekeela, batzordearen presidente gisa, erabakia gauzatzea".