KomuNIKABIDEAK

Rosa Diez Urrestarazu Euskadi Irratiko zuzendari, Lucas Irigoien de Mendizabal Radio Vitoriakoa

Irigoien de Mendizabal Arabako Foru Aldundian prentsako ardura postuetan izan zen PP agintean egon zenean. Alberto Surio hurrengo astean izendatuko dute EITBko zuzendari nagusi.

2009ko ekainaren 11
15:36
Entzun
Atzo BERRIA.INFOk argitaratu zuenez, Rosa Diez Urrestarazu (Donostia, 1963) izango da Euskadi Irratiko zuzendari berria. Odile Kruzeta (Eibar, Gipuzkoa) ordezkatuko du karguan. Dena dela, lehenago Eusko Legebiltzarrak onartu egin beharko du EITBko zuzendari nagusi berriaren izendapena. Alberto Surio aurkeztuko du Eusko Jaurlaritzak postu horretarako, duela aste batzuk esan zuten moduan, eta hurrengo astean izendatuko dute (PSE-EEk eta PPk gehiengo osoa baitute).

Diez Urrestarazu, kazetaria izateaz gain, irakaslea ere bada, Deustuko Unibertsitateko Giza Zientzien fakultatean. EITB ondo ezagutzen du. Izan ere, 1985etik dago telebistan. 2003an, ETB, aro berri baten hasiera liburua argitaratu zuen -Euskal Telebistaren historiako gertarakari garrantzitsuenetakoak biltzen ditu-, eta ETBko albistegietako kazetaria da.

Duela bi aste zabaldu bezala, ETB1eko zuzendaria Miguel Angel Idigoras izango da eta Radio Euskadikoa Joseba Arruti.

Radio Vitoria

Radio Vitoriako zuzendari zein izango den gaur jakin da: Lucas Irigoien de Mendizabal. Gaur egun Consultores de comunicacion global Getxoko (Bizkaia) enpresan dabil lanean, eta Radio Euskadin Ganbara saioko solaskidea da.

Aurretik, Onda Cero irrati katean aritu izan zen. Handik Arabako Foru Aldundiko prentsa taldearen aholkulari izatera pasatu zen -Aldundian agintzen PP zegoela-, eta Juan Antonio Zarate ahaldun nagusiaren alboko eta Ogasun diputatuaren prentsa kabineteko buru izan zen.

Jose Ramon Diaz Unzuetaren lekua hartuko du Radio Vitoriako zuzendari karguan. Diaz bi hamarkadaz aritu da zeregin horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.