indarkeria matxista

Rosa Lidia De la Cruz

Gasteiz, 2014ko azaroaren 1a.

2014ko azaroaren 1a
05:00
Entzun

Gasteizko Guayaquil kalean, Pilar auzoan, buila batzuk aditu zituen bizilagun batek. Emakume bat zen, laguntza eske. 2014ko azaroaren lehena zen, larunbat goizalde bat. Gutxi iraun zuten builek, eta bizilagunak ez zuen uste izan ezer larririk gertatu zenik. Baina ondoko pisuan, gizon batek Rosa Lidia De la Cruz hil zuen. Bikote izanak ziren gizona eta emakumea, baina utzia zuten harremana.

Gasteizko taberna batean lan egiten zuen De la Cruzek, 42 urte zituen. Emakumea hil zuen gizonak ere taberna hartan lan egiten zuen, eta 45 urte zituen. Dominikarra zen sortzez emakumea, eta venezuelarra gizona. Hogei urte lehenago ezagutu ziren Dominikar Errepublikan, eta alaba bat eduki zuten.

Larunbat goizalde hartan, gizonak labankada bat eman zion emakumeari, eta buruan kolpe handi bat. Gizona epaitu zuen sententziaren arabera, emakumea hil eta gero etxea garbitu zuen, giltzak hartu zituen, atea itxi zuen, eta berarekin eraman zituen emakumearen eskuko bi telefonoak.

Astelehen arratsaldera arte ez zuten De la Cruzen gorpua aurkitu. Larunbatean eta igandean lanera agertu ez, eta telefonoan erantzuten ez zuelako harrituta, haren gertuko batek aurkitu zuten gorpua.

Ez berehala, baina De la Cruzen bikotekide ohi izandako gizona atxilotu zuten. Poliziek ez zuten froga erabatekorik, eta hilketan erabilitako arma ere ez zuten atzeman. Baina emakumearen azazkaletan bazen gizonaren DNA, eta emakumearen zapi batean bien odol arrastoak nahastuta aurkitu zituzten.

Gizonak ez zuen bere gain hartu hilketa. Ukatu egin zuen. Koartada bat aurkeztu zuen. Behin-behinean preso eduki zuten Zaballako kartzelan, eta epaiketa ez zen hiru urte geroago arte egin: 2017ko azaroan hasi zen.

Auzi saioak nahastu egin zituen gizonak. Esan zuen bera ezkondu berria zela beste emakume batekin, eta De la Cruzek bazuela bikotekide bat, asko maite zuela emakumea, ez zuela hiltzeko arrazoirik. Are gehiago, ukatu egin zuen bikote izan zirela; sexua izaten zutela eta lagun onak zirela aipatu zuen.

Lekukoek bestelako bertsioa eman zuten, ordea. Aipatu zuten De la Cruzek hautsi zuela harremana gizonarekin, beldurra ziola, eta beste gizon batekin harreman berri bat hasi zuenetik, are gehiago. Fiskalak gizonari galdetu zion ea ez ote zuten zigortu 2008an, De la Cruzi tratu txarrak emateagatik. Hori ere ukatu zuen gizonak.

Zinpeko epaimahaiak ez zuen zalantzarik eduki azkenean, hala ere. Aho batez erabaki zuen gizon hori zela hilketaren erruduna. Epaileak hamazazpi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zion.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.