«Politika antiterrorista ez da aldatu, ETAk ez baitu armak eta indarkeria behin betiko utzi». Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak atzoko polizia operazioaren inguruko prentsaurrekoa eman zuen Madrilen, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren egoitzan. «Guardia Zibilak eta Poliziak atxiloketekin segituko dute ETAren amaiera behin betikoa izan arte».
Barne ministroak nabarmendu zuen miaketetan 200 kilo lehergai eta lehergailuak fabrikatzeko materialak atzeman dituztela segurtasun indarrek. «Garrantzi handiko ikerketa baten hasieran gaude», aipatu zuen. Bere hitzetan, orain, Guardia Zibila «Bizkaian eta bere inguruan argitu gabeko atentatuak» argitzen ahaleginduko da. Rubalcabak gaineratu zuen atxilotuak poliziek fitxatu gabeko ETAren ustezko kide legalak zirela, eta bizitza normala egiten zutela. Operazio horren jatorria Garikoitz Aspiazuren eta Mikel Karrera ETAko ustezko buruzagien atxiloketetan datzala ere esan zuen.
«Eskorpioiarekin bezala»
Ramon Jauregi Espainiako Gobernuko Presidentzia ministroak Rubalcabaren ildo beretik jo zuen. «Operazio hauekin agerian geratzen da zein den Gobernuaren jarrera: jarduera polizialak bizirik jarraitu behar du».
Jose Antonio Alonso Kongresuko eledun sozialistak, berriz, esan zuen «ETAren erabateko porrota lortu arte» Zuzenbide Estatuaren instrumentu guztiekin jo behar dela erakunde armatuaren aurka. Alonsoren arabera, ETArekin kontu handiz jardun behar da, «eskorpioiarekin bezala». Albistea «bikaina» dela esateaz gain, poliziaren eta epaileen eraginkortasuna goraipatu zituen.
Bere aldetik, Josu Erkoreka EAJren Kongresuko eledunak albiste ontzat jo zituen atzoko atxiloketak: «Atentatuak egiteko prest, armak eskura zituzten pertsonen atxiloketa albiste ona da». Kazetariek galdetu zioten ea bateragarri diren ETAk iragarritako su-etena eta 200 kiloko lehergaiak izatea. Erkorekaren aburuz, ETA menian dago, «baina ez du ezer esan bere armategiari buruz», eta beraz bateragarri dira.
Rodolfo Ares EAEko Herrizaingo sailburuaren arabera, «ETAren terrorismoa amaitzeko pauso bat gehiago» da operazioa. PPko Antonio Basagoitiren ustez, berriz, atxiloketek erakusten dute «oraingo honetan» Zuzenbide Estatua ez dagoela su-etenean. Basagoitiren irudiko, «ikas dezatela terroristek ez dela doakoa eta ez duela etekin pertsonalik edo politikorik ematen. Egiten duenak ordaintzen du».
Jon Abril Aralarreko koordinadoreordeak Infozazpi irratian esan zuen «denen artean» lortu behar dela horrelako operazioak betirako gainditzea. «Espero dut horrelako operazioetan ematen diren giza eskubide urraketarik ez errepikatzea».
Atxiloketak
Rubalcaba: «Atxiloketek ETA amaitu arte segituko dute»
Lau atxilotuak inkomunikazio aldian direla, ministroak esan du «garrantzi handiko» ikerketa hasi dela orain
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu