Iniziatiba Internazionalista-Herrien Elkartasunako (II-HE) ordezkariek Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Gorenaren epaia atzera bota eta hautagaitzak Europako Parlamenturako hauteskundeetan egoteko erabaki hartu izana "oso pozik" hartu dute eta, gainera, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroaren dimisioa eskatu du. Izan ere, "jarrera faxista" izan duela iritzi dio II-HEk eta "oinarririk gabe" bere aurkako "kanpaina mediatikoa" gauzatu duela.
Espainiako Gobernuaren "presioa ikaragarria" izan dela eta zapaldutako eskubidea "berrezarri" dutela salatu du II-HEk. Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako Gobernuko presidenteorde eta bozeramaileak ez die jaramonik egin adierazpen horiei, eta, "epaia errespetatu" egiten duten arren, "aurrerantzean ere erne eta zaintzan" egongo direla nabarmendu du gaur Ministroen Kontseiluaren bileraren ondotik.
Indarkeria babesten duten edo ez galdetuta, II-HEk adierazi du urte askotako gatazka ez dela galdera horri erantzuten konpontzen. Ezker abertzalearen ingurukoek euren hautagaitzaren aldeko apustua egingo balute, "gustura" hartuko luketeela gaineratu dute.
Adierazpen horiek Auzitegi Konstituzionalak Gorenak larunbatean emandako epaiaren kontra Iniziatiba Internazionalista-Herrien Elkartasunak astearen hasieran jarritako helegitea aintzat hartu, eta II-HEren zerrenda balio barik uzteko "frogarik" ez dagoela arrazoitu ondoren egin dituzte. Gauzak horrela, Europako hauteskundeetan aurkezteko aukera izango du Iniziatiba Internazionalistak.
Konstituzionalaren baimena Europako hauteskunde kanpaina abiatzeko minutu gutxi falta zirenean etorri zen. Atzo gauerdian hasi zen kanpaina ofizialki -ekainaren 7an izango dira bozak-. Horixe zuen azken erabakiaren berri emateko epe-muga Konstituzionalak, eta 23:15 inguru zirenean egin zuen publiko.
Auzitegi Konstituzionalak, gainera, "II-HE frogarik gabe baliogabetu izana" leporatu dio Gorenari autoan. Gorenak frogatzat erabili dituen argudioen aurka egin du Konstituzionalak, arrazonamendu horiekin ezin dela alderdi bat bat legez kanporatu edo hautes zerrenda bozetatik kanpo utzi ohartarazita.
II-HEk indarkeria gaitzetsi izana ere aintzat hartu duela dio Konstituzionalaren autoak. Hala ere, hori ez zela beharrezko zehazten du. Gaitzespen hori egin gabe ere ez zegoela koalizioaren hautagaitza baliogabetzeko froga edo arrazoirik.
Politika
Rubalcaba Barne ministroaren dimisioa eskatu du Iniziatiba Internazionalistak
Espainiako Gobernuko agintariak "jarrera faxista" izan duela eta "oinarririk gabe kanpaina mediatikoa" gauzatu duela iritzita egin du eskaera Europako Parlamenturako hautagaitzak. Gobernuak nabarmendu du "aurrerantzean ere erne eta zaintzan" egongo dela. Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia atzera bota eta II-HEk Europako bozetan egoteko eskubidea duela ebatzi du Auzitegi Konstituzionalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu