Rubalcaba «harro» dago 2006ko negoziazioetan izandako jarrerarekin

Faisan tabernan gertatutakoaz eta negoziazioen edukiez azalpenak emateko eskatu dio PPk

Erredakzioa
2011ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
«Harro nago egin genuenaz. 1998an gertatu zena ez errepikatzea zen nire obsesioa». Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministro eta presidenteordearen hitzak dira, 2006-2007an ETArekin izan zituzten negoziazioei erreferentzia eginez. Negoziazio horietako ustezko akten berri eman dute hainbat hedabidek, eta PSOEri azalpen eske hasi da PP. Jose Maria Aznar Espainiako gobernuburu zen garaian PPk ETArekin izandako negoziazioak ekarri ditu gogora Rubalcabak, beraiek «hobeto» egin zutela azaldu nahian. PPk negoziatu zuen garaian ETAk armategia berritzeko erabili zuen su-etena, Rubalcabaren esanetan, baina 2006-2007an halakorik ez zela gertatu ohartarazi du. «Beti uste izan dugu su-eten garaian gehiago lan egin behar dela. Horregatik irabazi genuen», esan zuen atzo, Barne Sailaren Batzordean.

Faisan auziaren zati batzuk sekretupetik atera ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak. Sumario hartan jasota daude ustez Francisco Javier Lopez Peña Thierry ustezko etakidea atxilotu zutenean hari atzemandako negoziazioen aktak, eta haiek argitaratu dituzte hainbat egunkarik. Ondorioz, Gara egunkariak ere bere garaian argitaratu zituen informazioak berrargitaratu ditu. Negoziazio horien berri Imanol Murua Uria kazetariak ere eman zuen Loiolako hegiak liburuan.

PSOEri so jarri da PP. Mariano Raxoi PPren buruak «legez kanpo aritzea» egotzi dio Jose Luis Rodriguez Zapateroren esku dagoen gobernuari, eta Soraya Saez Santa Maria Espainiako Kongresuko PPren bozeramaileak jakinarazi duenez, alderdiak Rubalcabaren agerraldia eskatuko du Kongresuan, akta horiei buruzko eta Faisan tabernan gertatu zenari buruzko azalpenak emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.