Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak esan du legea "zorroztasunez" betetzea dela bakea lortzeko bide bakarra, eta elkarbizitza lortzeko lan egitearen alde agertu da, "ahanzturarik gabe" eta "inork historia berridatz dezan utzi gabe".
Fernando Buesa PSE-EEko kidearen eta Jorge Diez haren bizkartzainaren omenaldian izan da gaur Rubalcaba, Gasteizen. Biak 2000. urteko otsailaren 22an hil zituen ETAk. Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ere joan da ekitaldira, senide eta lagunei babesa eskaintzeko.
ETAk jarduera armatuaren amaiera iragarri ondorengo aroa "konplexua" da, Rubalcabaren ustetan, eta, haren arabera, "demokratek jarraikortasunaren, inteligentziaren eta erabakitasunaren beharra izango dute, aztarnak sakonak direlako".