Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiaren arabera, Nafarroako Gobernuaren "egonkortasuna" lehentasuna da bere alderdiarentzat. Cadena Ser irratiak antolatutako ekitaldi batean parte hartu du Rubalcabak, Iruñean.
PSNk alderdi abertzaleekin akordioak egiteko aukeraren gainean esan du ezker abertzaleak PSOEren gobernuarekin "eseri aurretik" bidea duela egiteko. "Igaroko ez ditugun marra gorriak daude sozialistak garelako, eta ez abertzaleak". Azaldu duenez, abertzaleen diskurtsoaren hainbat elementurekin ez datoz bat.
Rubalcabak hizpide izan du PSN-UPN haustura. "Ez zen ondo atera; gu oposizioan gaude, eta Nafarroako gobernu egonkorra izan dezan nahi dugu". Nabarmendu du gobernua dela "ahaleginak" egin behar dituena egonkortasun hori bermatzeko.
Nafarroan hauteskundeak aurreratzea ez litzateke egokia, Rubalcabaren ustetan. "Legealdia lau urtekoa da, eta normalena da hori betetzea". Haren arabera, aurreratutako hauteskundeak gobernuan dagoen alderdiaren "porrota" dira, baita "ados jartzen ez diren indar politiko guztiena" ere.
"Elkarrizketa berreskuratu behar da. Arazoak izan ditugunean, horrela atera gara horietatik, hitz egiten", gaineratu du.