Sorturen legeztatze prozesua

Rubalcabak esan du eragotzi egingo dutela «Batasunak beste bide batzuetatik jotzea»

Balizko «iruzur saioekin» auzitegien irizpideak erabiliko dituztela dio Espainiako Barne ministroak

Erredakzioa
2011ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak ez dio tarterik utziko ezker abertzaleari maiatzeko hauteskundeetan parte har dezan. Argi utzi zuen atzo Espainiako lehendakariorde eta Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabak, ohartarazi baitzuen ezker abertzaleak hauteskundeetan parte hartzeko «beste bide batzuk» erabiltzen baditu eragotzi egingo diotela, «itxura guztien arabera» saiatu egingo dela uste baitu. Francisco Caamaño Justizia ministroak ere ohartarazi zuen Gobernua «adi» egongo dela ezker abertzaleak egin ditzakeen saioetara. Sorturekin Aldedien Legea aplikatu bazuten, beharrezkoa bada, beste saioekin Hauteskundeetako Lege Organikoa baliatuko dutela esan zuen.

Rubalcabaren arabera, Alderdien Legeak, eta Auzitegi Gorenaren, Konstituzionalaren eta Estrasburgoko Auzitegiaren epaiek «irizpide juridikoak» jarri zituzten legez kanpoko alderdiek erakundeetan sartzeko «iruzurren» aurka. «Irizpide horietako batzuen bidez eragotziko dio gobernuak Batasunari beste bide batzuk erabilzea».

«Batasunak badaki aldaketak egiten segitu beharko duela auzitegiei frogatu ahal izateko ez duela inolako harremanik ETArekin», gaineratu zuen Rubalcabak, zeinaren arabera aldaketa horiek egin diren baina «zalantza izpirik gabe frogatzeko moduko» izan behar duten epaitegietan.

ETA «EAz beztituta»

Arabako PPko buru Alfonso Alonso beste alderdi batzuetako zerrendetan «infiltratzeko» aukeraz mintzatu zen. Espainiako PPko idazkari nagusi Maria Dolores de Cospedalek, berriz, Eusko Alkartasuna jarri zuen jomugan.

Cospedalek adierazi zuen Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiak «frogatuta» utzi duela Sortu ETA dela, eta, beraz, ezingo duela bozetan parte hartu «ate handitik igarota». «Atzeko atetik», ordea, igarotzen saia daitekeela ohartarazi zuen PPko idazkari nagusiak, eta ate hori Eusko Alkartasuna dela.

Dena den, De Cospedalek azaldu zuenez, «ETAk, EAz beztituta ere, ETA izaten jarraituko du». «ETA bozetan ate handitik sartzea eragotzi bada ere, orain ate txikitik sartzeko aukera eragotzi behar zaio», gaineratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.