Rubalcabak esan du indarkeria behin betiko uzteak baino ez duela balio

Pello Urizarrek azaldu du su-eten egiaztagarria ETAren desarmerako «lehen urratsa» dela

Erredakzioa
Iruñea
2010eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak beste behin esan du ezker abertzaleari berari dagokiola «legeztatzeko ardura». Ser irrati kateari emandako elkarrizketan azaldu du epai judizialetan epaileek ebatzi dutela Batasuna «ETAren barnean» dagoela. «Hortaz, Batasunak legezko izatera itzuli nahi badu, bi bide baino ez zaizkio geratzen: edo Batasunak indarkeria behin betiko uzteko konbentzitu ETA, edo Batasunak ETA behin betiko utzi». Rubalcabak ohartarazi du su-eten egiaztagarriek ez dutela balio. «Bakarrik balio du indarkeria behin betiko uzteak».

Dena den, Rubalcabak aitortudu legeztatzeko azken erabaki hori ez dagokiola Espainiako Gobernuari, auzitegiei baizik. «Espainian epaileek legez kanporatzen dute, eta ez gobernuek». Rubalcabaren irudiko, eztabaida horrek eta azken egunetako zurrumurruek ez dute batere laguntzen. Hala ere, ez du arriskuan ikusten «PPren eta PSOEren arteko ituna». Argi utzi nahi izan du «terrorismoaren aurkako ituna» ez dela «koma bat bera ere» aldatu; «eta ez da aldatuko ere».

Barne ministroak onartu du egia dela «ETAren munduan zerbait» mugitzen ari dela, baina hori batik bat «eraginkortasun polizialaren ondorio» dela uste du. Horrekin batera, «sakonean» ez dela ezer aldatu gaineratu du. Haren ikuspuntutik, nazioarteko begiraleek ez dute inongo zerikusirik Espainiako Gobernuarekin: «Ez dagokio gobernuari, ez duelako eskatu, ez duelako nahi eta ez duelako behar». Rubalcabak dionazioarteko bitartekaritza «ETAren eta Batasunaren artekoa» dela, «Batasunaren arazoa ETA baita, eta ez estatua».

Urizarrek dio argi dagoela

Rubalcabaren bestelako irakurketa egin du Pello Urizar EAko idazkari nagusiak Herri Irratiari emandako elkarrizketan, eta ezker abertzaleak emandako pausoak nabarmendu ditu. Haren esanetan, ezker abertzalearen oinarrien gehiengo handi batek ETAri helarazi dio ziklo bat amaitu eta beste bat hasi dela. «Ziklo berri horretan bide armatuak ez du inongo aukerarik». Dena den, haren ustez, ezker abertzaleak «30 edo 40 urtez» bide estrategiko bat izan ostean, orain ez da komeni ere «ziaboga azkarregi egitea».

Ezker abertzalearen konpromisoari buruz inongo zalantzarik ez duela berretsi du, eta horren erakusle jarri du Euskaldunako Lortu arte dokumentua edo Gernikako Akordioa. «Ozenago esan daiteke, baina argiago ez». Alde horretatik, haren ustez, «su-eten egiztagarria lehen urratsa da desarmerako». Zehaztu du talde tekniko batek su-etenaz gain hurrengo urratsak egiaztatu behar dituela, «desarmea barne». Bide horretan lanean ari direla azaldu du: «Pausoak ematen ari gara, eta lanean. Bokazioa da behin betikoa izatea, eta horrek esan nahi du bukatu egin behar dela».

Urizarrek nabari du orain jende askok «presa handia» duela testuinguru horretan bere ikuspuntua moldatzeko. Horregatik,haren ustez, denborak erakutsi du EAk bere erabakietan asmatu egin duela, eta zenbait alderdik duela hilabete batzuk EAren mugimenduen inguruan piztu zuten beldurrak ez zuela zentzurik.

Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak, berriz, Siguenzan (Espainia) adierazi du ETAk indarkeria betiko utzi behar duela eta erabaki horrek berekin «garaileak eta garaituak» utzi behar dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.