Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak EAri "zuhurtzia" izateko eskatu dio, honek ezker abertzalearekin harremanak dituela-eta. "[Eusko Alkartasuna] Hitz egiten ari den jende hori ez dakit seguru zertan ari den", adierazi du gaur Rubalcabak.
Lehengo astean Candido Conde Pumpido Espainiako fiskal nagusiak EAri ohartarazi zion 2011ko udal eta foru hauteskundeetako zerrendetan ezker abertzaleko jendea sartzen badu bere kontra egingo duela judizialki. Barne ministroaren ustez, ordea, "EAk ez du arrazoirik aurrerantzean legezko alderdia ez dela izango dudatzeko".
Rubalcabak Batasunari berriro eskatu dio bozetan parte hartzeko bi aukera baizik ez dituela: ETA konbentzitzea armak uzteko edo erakunde armatuarekin haustea.
Nazioarteko hainbat eragileren adierazpena gutxietsi egin du ministroak. "Ikus dezatela zer erantzun dien ETAk [azken agiriaren bidez]; hau da, ezetz". ETAri su-eten iraunkorra eta egiaztagarria emateko galdegin diote, eta Espainiako Gobernuari "behar bezalako erantzuna" emateko. Ezker abertzaleak bide politikoen alde egindako apustua goraipatu dute, orobat.
politika
Rubalcabak "zuhurtzia" izateko eskatu dio EAri, honek ezker abertzalearekin dituen harremanengatik
Espainiako Barne ministroaren ustez, Eusko Alkartasunak legezko alderdia izaten segituko du. Nazioarteko hainbat eragileren adierazpena gutxietsi egin du; "ikus dezatela zer erantzun berri dien ETAk; hau da, ezetz".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu