Euskal presoak Euskal Herriko espetxeetara ez ekartzearen errua ETAri bota dio Espainiako Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabak. "ETAk indarkeria uzteko borondatea" duela ez dela "frogatu" esan du, eta horregatik ez dituztela presoak gerturatu.
Antena 3 Espainiako telebista katean egin dioten elkarrizketan egin ditu adierazpen horiek Rubalcabak.
Gaineratu duenez, "Espainiako Gobernuak egin ditzake keinuak, eta bere garaian egingo ditu". Baina, horretarako "ezinbestekoa da ETAk indarkeria utzi nahi duela frogatzea; horixe baitio Espainiako Kongresuan onartu genuen dokumentuak". Frogatze hori, oraindik ez dela gertatu gaineratu du.
Presoak "mugitzea" egoki ikusten dutenean, hori egin aurretik Kongresuan azalpenak emango dituztela ere gaineratu du.
Konponbide prozesuak aurrera ez egitearen errua, berriz, kale borroka ekintzak areagotzeari bota dio. "Indarkeriarekin oso zaila da hitz egitea, ezinezkoa dela ez esateagatik diot hori". Demokraziaren "urrezko araua" norberak bere ideiak "hitzez" defenditzea dela gaineratu du.
Nolanahi ere, bere garaian "indarkeria amaitzea" posible zela sinestarazi zieten arrazoiek hor jarraitzen dutela esan du.
Politika
Rubalcabaren arabera, ETAk indarkeria uzteko borondatea "frogatu ez duelako" ez dituzte gerturatu presoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu