Rufi Etxeberria Batasuneko kidea aske geratu da gaur arratsaldean. Aranjuezko kartzelan (Madril, Espainia) zegoen eta 19:30ean atera da. Oiartzunera (Gipuzkoa) bidean da -bertakoa da-.
Espainiako Auzitegi Nazionalak Joseba Alvarez, Joseba Permach eta Juan Cruz Aldasororen kasuak ere aztertu berri ditu, eta hirurek espetxean jarraituko dutela erabaki du. 35/02 sumarioan prozesatuta daude, eta "ETAren agindupean" aritzea eta herriko tabernen bitartez hura finantzatzea leporatzen die Auzitegi Nazionalak.
Batasuneko kideen behin-behineko espetxeratzealdia bukatu dela-eta, Auzitegi Nazionalak ostegunean aztertu zuen haiek preso segitu behar duten. Behin-behineko espetxeratzea beste bi urtez luza daitekeen aztertu zuten, hain zuzen. Alvarez 2007ko urriaren 2an atxilotu zuten, eta Etxeberria, Permach eta Aldasoro bi egun beranduago -Segurako (Gipuzkoa) polizia operazio zabalean-.
Espainiako legeen arabera, atxilotuak bi urtez izan ditzakete preso behin-behinean, epaiketarik egin gabe, badaezpadako neurri gisa. Bi urteko epea agortu aurretik, derrigorrezkoa da epaileek gaia berriz aztertzea. Bi urte igarota, badaezpadako espetxealdia beste bi urtetan luzatzeko aukera dago, eta hor amaitzen da behin-behineko espetxealdiaren muga: lau urtez izan ditzakete akusatuak preso, epaiketarik egin gabe. Etxeberria lehenagotik ere egon zen kartzelan auzi horrekin lotuta (2002ko maiatzaren 3tik 2004ko apirilaren 23ra) eta, beraz, dagoeneko ia lau urte eginak zituen preso.
Magistratuen arabera, haiek "Batasunan izandako jardueragatik ETAren parte direla pentsatzeko nahiko arrazoi daude". Ustez horrela izateagatik 10 eta 14 urte arteko kartzela zigorra jaso dezakete. Horiekin batera bertze 36 lagun daude inputatuta sumario berean. Baina ez daude denak kartzelan.
Joan den maiatzean ere izan zuen gai hori eskuartean Auzitegi Nazionalak, eta laurak aske ez lagatzea erabaki zuen. Batasunekoek "ihes egiteko arrisku handia" dagoela uste zuten Fernando Garcia Nicolas, Angel Hurtado eta Enrique Lopez magistratuek, eta atzera bota zuten defentsak egindako eskaera.
2002ko martxoan ireki zuen sumarioa Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, eta bost hilabete beranduago Batasunaren jarduera etetea agindu zuen. Sumarioa joan den urteko apirilean itxi zuen ikerketak 800 liburuki pilatu eta gero.
Politika
Rufi Etxeberria libre gelditu da, azken bi urteetan kartzelan egon ostean
19:30ak aldera atera da Aranjuezko espetxetik. Aldiz, Joseba Alvarez, Joseba Permach eta Juan Cruz Aldasorok kartzelan segituko dute. Batasuneko lau kideei "ETAren agindupean" aritzea eta 'herriko tabernen' bitartez hura finantzatzea leporatzen die Auzitegi Nazionalak. Etxeberria lehen ere egon zen bi urtean preso auzi berarekin lotuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu