Aurrerapena

Rufi Etxeberria: "Prozesu demokratikoa ETAren jardun armaturik gabe planteatzen da"

Ezker abertzaleko kidea barne eztabaidaren ondorioez eta 'Zutik Euskal Herria' ebazpenaren nondik norakoez mintzatu da 'Esan ahala' saioan Pello Urzelai kazetariarekin. Biharko BERRIAn plazaratuko da osorik, eta, halaber, egun horretan jarriko da elkarrizketa osoa ikus-entzunezko formatoan BERRIA.INFOn.

2010eko otsailaren 20a
20:13
Entzun
Ezker abertzaleak amaitu du udazkenean abiatutako barne eztabaida prozesua eta etorkizunera begirako bide orria zehaztu du Zutik Euskal Herria ebazpenaren bidez. Agiri horren edukiez mintzatu da Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kidea Pello Urzelai BERRIAko kazetari eta Politika saileko erredaktoreburuarekin Esan ahala saioan.

Barne eztabaidan onartutakoaren bidez ezker abertzaleak egin duen apostua epe luzekoa dela azpimarratu du Etxeberriak "helmugaraino" iristekoa. "Egiten dugun apostu hau helmugaraino iristekoa da, konfiantza osoz egiten dugun apostua. Marko berri bat lortzeko, aldaketa politikoa lortzeko baldintzak dauden ziurtasun osoarekin egiten dugu", dio.

Prozesua garatzeko bideei buruz, Etxeberriak adierazi du aurrera eramatekotan indarkeriarik gabe gauzatu behar dela, eta, ondorioz, ETAren indarkeriarik gabe: "Galderari erantzunez, zuzenki egindako galderari erantzunez, prozesu demokratikoa garatzeko baldintza konkretu batzuk zehazten ditugu, eta horren baitan indarkeriarik gabe garatu behar dela planteatzen dugunez, bada, ETAren jardun armaturik gabe planteatzen da noski".

Behin ezker abertzaleak etorkizunerako bidea zehaztuta, Etxeberriak uste du orain besteei dagokiela urratsak egitea, eta, zehazki, Espainiako Estatuari. Hala, estatu hori "Euskal Herria marko demokratiko batera" eramango lukeen prozesu batean sartu beharko litzatekeela iritzi dio, eta Mitchell senadorearen printzipioak onartu beharko lituzkeela.

Beste indar politiko eta sozialekin egin ditzaketen elkarlan harremanei buruz, aukera hori eremu batean baino gehiagotan planteatzen dutela agertu du ezker abertzaleko kideak: batetik, indar independentistekin euskal estatu baten alde egiteko; bestetik, euskal nazioaren aitortza eta gatazkaren konponbidea bideratzeko esparruan, eta, hirugarrenik, eskubide zibil eta politikoen defentsan.

Elkarrizketa osorik biharko BERRIAn plazaratuko da, eta, halaber, egun berean jarriko da ikusgai BERRIA.INFOn ikus-entzunezko formatoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.