Politika

Rufi Etxeberriak EAJri leporatu dio "bazterkeria politikoari" bide ematea

Ezker abertzaleko kidearen arabera, alderdiak inor ez baztertzeko eredua ezarri zuen, eta orain Amaiur kanpoan utzi duen hitzarmen batean parte hartu du, ETAri desegiteko eskatzeko atzo hitzartu zuen testuan, hain zuzen.

2012ko otsailaren 22a
10:03
Entzun

Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kideak esan du EAJk ez duela bete akordio baztertzaileetan ez parte hartzeko ezarri zuen eredua. Atzo PP, PSOE eta CiUrekin testu bat hitzartu dute erakunde armatuari desegiteko eskatzeko, Espainiako Kongresuan. 

"Hor Amaiur baztertu zuen, eta hori kezkagarria da. Argibideak eman beharko ditu", esan du Etxeberriak Radio Euskadin emandako elkarrizketa batean.

Alderdi horiek hitzartutakoa ez dela aski azaldu du, irtenbide politiko baterako bide orria planteatzen ez duelako. "Sakoneko arazoa politikoa da, eta hitzarmen horrek ez du sakoneko arazoei irtenbidea emateko konponbiderik planteatzen".

ETA desegitearen inguruan Etxeberriak uste du ETAk jada egin zuela publiko erabaki "historikoa", borroka armatua uzten zuela, alegia. Orain horrek dakartzan ondorioak landu behar dira Etxeberriaren ustez, elkarrizketaren bidez eta nazioartearen esku hartzearekin.

Tartean, presoen gaiari heltzearen garrantzia azpimarratu du. "ETAren militanteak preso dauden bitartean ETA presente egongo da agenda politikoan", gaineratu du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.