Argentinako Maria Servini epaileak egindako estradizio eskaria hasi da bidea egiten Espainiako auzitegietan. Auzitegi Nazionalera iritsi da estradizio eta atxiloketa eskaria, Pablo Ruz epailearen bulegora. Fiskaltzaren txosten bat jaso du eskariarekin batera epaileak; fiskalak ez du babestu polizia ohiak atxilotzea, esanez "denbora asko" igaro dela eta ustezko delituak preskribatuta daudela. Epaileak babestu egin du irizpide hori nolabait, EFE agentziak berri eman duenez. Izan ere, auzitegira deitu bai, baina polizia horiek atxilotzeko agindurik ez du eman.
Lau polizia ohi estraditatzeko agindu zuen Servinik: Jesus Muñecas Aguilar, Juan Antonio Gonzalez Pacheco, Franco Celso Galvan Abascal eta Jose Ignacio Giralte. Azken bi horiek hilda daudela baieztatu dio Poliziak epaileari. Hortaz, lehenbiziko, heriotza horren berri emango dio Ruz epaileak Serviniri.
Horrekin batera, betiere fiskalaren irizpideari jarraituz, Auzitegi Nazionalak Servini epaileari eskatu dio egin dezala estradizio eskaera formala. Atxilotzeko eskaria egina zuen hark, baina iturri judizialek diote "ezohikoa" dela aukera hori. Estradizio eskari horretan, Argentinako epaileak zehatz azaldu beharko du zer egozten dien polizia ohiei.