Ustelkeria

Ruz epaileak ondorioztatu du PPk 'B kutxa' izan zuela hemezortzi urtez

Alderdiak Bilbon duen egoitzaren zati bat "diru beltzarekin" ordaindu zela dio ikerketa amaierako autoan.

Pablo Ruz epailea. ZIPI
2015eko martxoaren 24a
11:15
Entzun

Pablo Ruz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Barcenas auziari buruzko ikerketa amaitu du, eta ondorioztatu du PP alderdiak 1990etik 2008ra bitartean B kutxa bat izan zuela. Epaileak sei lagun epaitzea proposatu du instrukzio amaieran kaleratutako autoan: Luis Barcenas eta Alvaro Lapuerta PPko diruzain ohiak, Cristobal Paez PPko kudeatzaile ohia eta alderdiaren egoitza nagusia berritu zuen Unifica enpresako hiru arduradun. Delitu fiskala eta ogasun publikoaren aurkako delitua egitea egozten die epaileak.

Barcenas auziak PPko eta alderdiaren inguruko jende asko zipriztindu du. Baina, azkenean, Ruzek artxibatu egin ditu gainontzekoen aurkako auziak. Besteak beste, Angel Acebes Espainiako Barne Ministro ohiaren aurkakoa.

Bilboko egoitza, B kutxa-ren bidez

EAEko PP ere ez da gelditu auzitik aparte, Bilbon duen egoitza "diru beltzarekin" ordaindu zen zantzuak daudela ondorioztatu baitu Ruzek. Autoan dioenez, Barcenasek, "legezko" diru iturrietatik harago, "kontabilitate paralelo bat" sortu zuen egoitza ordaintzeko. 

Autoaren arabera, 1999ko azarotik 2005eko azarora bitartean Espainiako PPk dirua eman zion EAEko PPri, eskura zein transferentzien bidez. Bilboko egoitza ordaintzeko erabili zuten diru hori, eta Barcenasek eskuz idatzita dauzkan kontuetan Sede Vizcaya (Bizkaiko egoitza) izenburuarekin dago jasota. 1999tik 2004ra bitartean, Carlos Iturgaiz zen EAEko PPko presidentea, eta Maria San Gil 2004tik aurrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.