Ryanair enpresak jakinarazi duenez, Europa osoan 600 hegaldi utziko ditu bertan behera, konpainiako langileen grebaren ondorioz. Neurriak 100.000 erabiltzaileri eragingo die bi egunetan. Enpresak ez du zehaztu, ordea, hegaldi horiek zein izango diren. Dena den, jakina da Espainiatik, Italiatik, Belgikatik eta Portugaldik irteten diren hegaldiei edota estatu horietara iristen direnei eragingo diela.
Euskal Herrian, Gasteizko eta Miarritzeko (Lapurdi) aireportuetako zenbait hegaldi egon daitezke kolokan. Gasteizko Foronda aireportuan, Ryanairrek lau hegaldi zerbitzu eskaintzen ditu: Koloniara (Alemania), Milanera (Italia), Sevillara (Espainia) eta Tenerifera (Espainia). Azken hirurei eragin diezaieke grebak. Miarritzeko aireportuan, berriz, Londresera, Dublinera eta Bruselara bidaiatzeko aukera eskaintzen du konpainiak. Bruselarako hegaldia egon daiteke arriskuan.
Ryanairrek jakinarazi duenez, bezeroentzako arreta zerbitzua indartu du hegaldiak bertan behera utzi nahi dituzten erabiltzaileei erantzuteko. Horiei dirua itzuliko diela adierazi du. Dena den, konapiniak hegaldiaren data aldatzeko aukera ere eskainiko die uztailaren 25ean edo 26an helgadi bat erreserbatuta dutenei. Enpresak hurrengo zazpi egunetan bidaiatzeko aukera proposatuko die.
Konpainiaren esanetan, bertan behera utzi dituen hegaldien erabiltzaileek jaso dute dagoeneko erabakiaren berri, eta oharrik jaso ez duten erabiltzaileek aurreikusitako egunean bidaiatuko dute.
Kabina tripulazioko langileen grebaren aurretik, beste greba bat egingo dute Ryanairreko Irlandako pilotuek. Uztailaren 20an eta 24an egingo dute greba, baina haren eragina Irlanda barneko hegaldietara mugatuko da.
Horrez gain, uztailaren 29an ere hegaldietan arazoak sor daitezke, Aena Espainiako aireportuen kudeaketarako enpresan piztu den lan gatazkaren ondorioz. Harentzat lan egiten duten enpresa pribatuetako lurreko langileek lan hitzarmenaren berritzea galdegin dute. Hiru urtez aritu dira negoziazioetan eta oraindik ez dute enpresarekin akordiorik lortu. Sindikatuek enpresei leporatu diete negoziazioa "blokeatzea".