"Gizon horrek guztioi egin digu errespetu falta". Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordea kritiko azaldu da Amaiurreko diputatu Sabino Cuadrak asteazkenean kongresuan izandako jarrerarekin. Auzitegi Konstituzionalaren eskumenak aldatzeari buruzko eztabaidan, konstituzioaren orri batzuk apurtu zituen Cuadrak.
"Adierazpen askatasunaren" barruan kokatu zuen Cuadrak ekintza hori, baina konstituzioaren ale bat haustea adierazpen askatasuna denik ukatu du Saenz de Santamariak: "Joko arauek diputatu izateko balio badiote, aldatzen ez diren bitartean, osorik errespetatu behar ditu". Halaber, ohartarazi dio "inor" ez dagoela "konstituzioaren gainetik".
Espainiako Kongresuak datorren astean aztertuko du Cuadrari zigorren bat ezarriko dion ekintza horregatik.