Gaurtik hasita, sagardoa Internet bidez ere erosteko aukera dago, helburu horretarako webgune berezi bat sortu baitute. Ekimenaren bultzatzaileak Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea eta Merkatu enpresa dira. Euskal Herriko edozein tokitatik ez ezik, Espainiako Estatuko edozein lekutatik sagardoa erosteko aukera dago webgunearen bitartez. Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso dute horretarako.
Proiektuan hamar sagardotegik hartzen dute parte, baina datorren astetik aurrera hemezortzi bat izango direla jakinarazi dute arduradunek. Ekimenaren helburu nagusia, sagardoaren merkatua Euskal Herritik kanpo zabaltzea da.
Eskakizuna egin nahi duen orok kontuan izan behar du gutxieneko eskaria hamabi botilako sagardo kaxa bat dela. Hala ere, bidalketa gastuak dohan izango direla dioen promozio bat martxan dago, uztailaren 22ra arte.