Ines del Riori dagokiona da Estrasburgok emandako epaia baina doktrina ezarria izanagatik preso jarraitzen duten gainontzekoak ere askatu behar direla diozue. Zergatik?
Ganbara Txikiak joan den urteko uztailean eman zuen epaia berrestea da Ganbara Handiak egin duena. Edukietan berretsi da, kriterio orokorrak ezarrita. Esaten du doktrinaren interpretazio berria atzerako eraginnez ezarri zaion presoa modu irregularrean dagoela espetxean, eta horrek urratu egin dituela haren oinarrizko eskubideak. Kasu honetan, Inesi buruz aritu da, baina esan du ez dela egokia irizpidea ezartzeko modu bat. Horregatik diogu Inesen kasuan modu argi eta zehatzean esan duela askatu behar dela, baina gainontzeko kasuetan ere bai, Estrasburgok egoera bat aztertu baitu eta baldintza orokorretan ebatzi baitu.
Irizpidea ezartzeko modu hori ez dela legearen araberakoa?
Hori da. Honako hau esaten du: "Espainiak egiten duen interpretazioa izan daiteke egokia, gu ez gara nor egokitasun hori aztertzeko, baina ezin zaio zigor bat atzera eraginez ezarri aurrez espero ez zuen norbaiti, legea beste modu batera interpretatu delako". Kasu horretan dago Ines, baina beste 55 ere bai.
Beraz, 56 horiek askatzea beste aukerarik ez duzue ikusten?
Ez dugu beste aukerarik ikusten.
Halere, luze jo dezakete kaleratzeek?
Espainiak horretarako tartekatu zuen helegitea duela urte eta erdi: hau denboran luzatzeko. Beraz, luzatzen saia daiteke berriz, baina, saiatu arren, oso tarte txikia dauka; luzamenduetarako aukera txikia dago.
Espainiari giza eskubideak errespetatu behar direla ohartarazteko modutzat ulertu duzue epaia. Nolaz?
Ezin da esan sententziak esaten ez duenik, baina ulertu behar da epaiak zera esaten diola Espainiako estatuari: "Zuk egin nahi duzuna terrorismoaren kontrako zure politikarekin, baina oinarrizko eskubideak errespetatu egin behar dira, eta ez duzu hori egin". Eta urraketak, presoen kolektiboari ezartzen zaizkion salbuespen neurri guztiekin gertatzen dira. Horregatik egin diogu dei Espainiako Gobernuari: "Entzun ezazu esaten dizutena; ez duela denak balio terrorismoaren kontrako politikaren alorrean; oinarrizko eskubideak errespetatu egin behar direla, beti. Eta zuk bortxatu egin dituzu". Horregatik diogu urratzen diren alor guztietan alboratu behar duela bide hori.
Espainiak jarrera aldatzeko hasiera izan daitekeela uste duzu, beraz?
Izan behar luke, argi eta garbi.