euskal presoak

Saioa Sanchez presoak espetxetik epaitegira bidean jo zutela salatu du

Andoni Zengotitabengoak gose greba hasi du Portugalgo Monsanto espetxean bizi duen egoera salatzeko.

2011ko uztailaren 2a
13:45
Entzun

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, Saioa Sanchez euskal presoak eraso bat salatu du. Ekainaren 25ean Poitierseko espetxetik (Frantzia) epaitegira bidean gertatu zen: eskuburdinak atzean jarri zizkioten, eta aurrean jartzeko eskatu ondoren, gehiago estutu eta protesta egin zuenean lurrera bota, arrastaka eraman eta kolpatu egin zuten zaintzaileek.

Poliziak kaputxa jarrita zutela azaldu du Sanchezek, eta epaitegian identifikazio zenbakia eskatu zionean bati horrek ez ziola eman nahi izan. Espetxera itzuli zenean medikuak artatu zuen Sanchez, eta argazkiak atera zizkion. Sanchezek salaketa jarri du.

Estradizio eskaera dela eta joan behar izan zuen Sanchezek epaitegira.

Andoni Zengotitabengoak gose grebari ekin dio gaur

AAMk gaineratu duenez, Andoni Zengotitabengoa presoak gose greba hasi du bizi duen egoera salatzeko. Portugalgo Monsanto espetxean aurkitzen da 2010ean Portugalen atxilotua izan zenetik. "Bizi baldintza oso latzak pairatu behar ditu. Bera da bertan dagoen euskal preso politiko bakarra, eta honez gain bakarrik ziegan ordu asko eman behar izaten ditu. Bisitekin arazo handiak ditu. Bere lagunek ez dute aukerarik bera bisitatzeko, eta bere bi alaba txikiekin urtean bi aldiz bakarrik egon daiteke. Egun guztia espetxeko buzoa jantzita igaro behar du, eta irteten den bakoitzean goitik behera miatzen dute espetxezainek", azaldu du AAMk.

Egoera horren aurrean gose grebari ekin dio Zengotitabengoak gaur. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak elkartasuna erakutsi nahi dio presoari eta bere senideei eta dei egin du Elorrion (Bizkaia) datozen egunotan burutuko diren mobilizazioetan parte hartzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.