Aurten dagoeneko zortzi ezbehar izan dituzte euskal presoen senideek errepidean. Azkena iragan asteburuan gertatu zen. Asier Garcia Justoren bikotekideak Bejar inguruan (Espainia) istripua izan zuen. Etxerat elkartearen arabera, Salamancatik 70 kilometrora dagoen errepidean, bi erreien artean gidatzen ari zen auto batek aurretik eraman zion bere ibilgailua. Kolpe gogorra izan zen: hiru buelta eman, eta autoaren alde bat kaltetu zen eta eskuin gurpila lehertu zen.
Istripuaren ondorioz, Bejarko ospitalera eraman zuten Garciaren bikotekidea, eta Badajozko espetxean zuen bisita galdu zuen. "Istripuak nerbio estutzea eragin dio lunbar zein zerbikaletan; eskuin besoan fisura muskularra du, eta saihets hezurretan kolpe gogorra", azaldu du Etxerat-ek Bilbon eskainitako prentsaurrekoan.
Dagoeneko zortzi istripu izan direnez eta urte politiko berriaren aurrean, Etxerat-ek berriro dei egin die arduradun politikoei sakabanaketa amaitzeko. "Premiazkoa da urrunketaren amaiera eta gaixotasun larria duten presoei aterabide bat ematea".