Euskal presoei ezarritako sakabanaketa politikak ondorio txar asko utzi ditu urteetan; batzuetan, presoen senideek errepideetan bizitza galtzerainokoa. Etxerat elkartearen arabera, sakabanaketaren eraginez, hamasei senide hil dira, eta beste ehunka zauritu, gertatu diren 400dik gora istriputan.
Egin Dezagun Bidea mugimenduak Karmele Solaguren eta Sara Fernandez omendu zituen abenduaren 10ean Barañainen (Nafarroa). Hain justu, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean. Barañaingoa zen Solaguren, eta 2004ko abenduan hil zen, semea bisitatzetik bueltan zetorrela. Iruñeko Alde Zaharrekoa zen Fernandez, eta 2003ko azaroan zendu zen, preso zegoen lagun bat ikustera zihoala. Solagurenen eta Fernandezen oroimenezko ekitaldian, egungo espetxe politika salatu zuten; eta, horrez gain, sakabanaketaren errealitatea erakusten duen dokumental bat aurkeztu zuten: Ni un minuto más, ni un accidente más. Dokumentala Internet bidez ikus daiteke egun. Senideak preso dituzten hemeretzi pertsonaren testigantzak jasotzen ditu ikus-entzunezkoak. Eta 40 minutu irauten du—hain zuzen, kartzeletako ohiko bisita batek bezala—. Senideen kontakizunei kartzelatara doan autobus baten irudiak tartekatzen zaizkie.
Lyon, Valencia, Curtis, Puerto de Santamaria, Paris, Fleury, Soto del Real, Almeria... Horiek dira dokumentaleko protagonistek astebururo bisitatu behar izaten dituzten leku batzuk. Izan ere, senideak hango kartzeletan dauzkate preso. Sakabanaketa politika definitzeko, hitz ugari aipatzen dituzte senideek: sufrikarioa, mina, nekea, bizitza aldaketa, beldurra. «Presoaren askatasuna eragozteaz gain, pertsonak, familiak gehiago zapaltzen saiatzen dira», dio senide batek. «Bizitza bisiten menpe antolatu behar dugu. Asteroko tentsioa da. Egun jakin batean eta ordu jakin batean hemendik 1.000 kilometrotara dagoen kartzela batean egon behar dugu. Bestela, bisitarik gabe geldi gaitezke», azaldu du beste batek.
Astebururo hainbat autobus eta auto abiatzen dira kartzeletara bidean. Eta errepidea arriskutsua da: «Bidean lanak zeuden, eta bi bidetik batera igarotzen zela ez zegoen seinalatua. Bi autok egin genuen topo bide berean»; gertatu diren istripuetatik bat kontatu du senide batek. Istripuak izateko arriskuari gastu ekonomikoa gehitu behar zaio. Hau da bideoan agertzen den senide batek asteburuetan egin behar duen bidaia: «Burlatatik Hendaiara. Hendaiatik Parisera trenez. Han, metroa hartu. Gero, berriz, trena; eta, azkenik, taxia. Bidaia ondo ateratzen bada, 250 euro inguruko gastua». Hala ere, presoak ez dituzte inoiz bakarrik utziko: «Munduaren beste puntaraino eramaten badituzte ere, haraino joango gara gu».
@Ni un minuto más, ni un accidente más ikusteko webguneak:
www.ateakireki.com
youtube.com/user/AteakIreki
Sakabanaketaren errealitatea
Presoen sakabanaketaren aurka, dokumental bat aurkeztu zuten Barañainen abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Egunean. Interneten ikusgai da orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu