Atxiloketak

Salamon Parisera eraman dute, eta Agirrebarrena eta Magis aske utzi dituzte

Atzo Alex Feldman utzi zuten aske. EH Baik, Aitzinak eta Lurra eta Etxebizitzak “sostengu osoa” helarazi die laurei. Konponbidearen alde manifestazioa eginen dute larunbatean Baionan.

Lau gazteak askatzeko eskatzeko aste honetan Itsasun egin duten bilkura. SYLVAIN SENCRISTO
maddi ane txoperena iribarren
2015eko urtarrilaren 29a
07:40
Entzun

Frantziako Poliziak aste honetan atxilotu dituen lau gazteetatik hiru geratu dira aske, beraz. Gaur Teo Salamon Parisera eraman dute, eta Haitz Agirrebarrena eta Jean François Magis aske utzi dituzte; Alex Feldman atzo geratu zen aske.

Atxiloketak salatzeko prentsaurrekoa egin zuten EH Bai koalizioak, Aitzina gazte antolakundeak eta Lurra eta Etxebizitza kolektiboak. Jendarmeriaren aldetik jasotako informazio urria gaitzetsi zuten. Koldo Etxegarai Aitzinako kideak adierazi duenez, gainera, poliziak jarrera “mespretxagarria” izan du, eta ez diete berririk helarazi: “Paueko Jendarmeriako ateak hetsi dizkigute”.

Atxiloketa horiekin gazte mugimendua “kriminalizatu” nahi dela salatu dute, bertzalde: "Euskal gazteria jendartetik baztertu nahi dute". Hori ez gertatzeko, eta atxilotuak askatzea galdegiteko larunbatean konponbidearen alde manifestatzera deitu dute. Baionako San Andres plazatik hasiko da manifestazioa, 16:00etan, Euskal gazteria aitzina! Konponbidea orain! lelopean.

Konponbideari itzala

Dominika Dagerre eta Iker Elizaldek EH Bairen izenean ohartarazi dute gaur egungo testuingurua konponbidearen aldekoa izan arren, Frantziako eta Espainiako gobernuek errepresioaren bidez erantzuten dutela. Bertzeak bertze, urtarrilaren 12an Madrilen hasi behar zen epaiketaren oztopatzea —abokatuak atxilotu zituzten—, eta Intza Oxandabaratzen auzia —sei urteko kondena eskatu diote— ekarri dituzte gogora.

"Zerrenda horren barnean kokatzen dugu atzoko polizia operazioa: beste urrats errepresibo bat". "Probokazio" hori gelditu eta konponbidearen aldeko urratsak egiteko deia luzatu diote Frantziako Gobernuari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.