Gipuzkoako errepideen finantzaketa sokatira bihurtzen ari da aspaldian. Aurrez ezaguna zenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak proposamen bat egin zuen, autopistetako erabiltzaile gipuzkoarrek hilean 25 euro baino gehiago ez ordaintzeko. Horren harira, Bilduk eta Aralarrek adierazi dute EAJ neurria oztopatu nahian ari dela: «Neurri horrekiko EAJren jarrera eta inposaketa nahia salatu nahi dugu». Bilduren eta Aralarren esanetan, ekimenaren helburua argia da: «Egunero autopista hartzera behartuta dauden gipuzkoarrei orain arteko zama ekonomikoa arintzea». 15.000 familia baliatuko dira neurri horretaz.
Jeltzaleek, ordea, adierazi dute ez daudela neurriaren aurka. Aintzane Oiarbide batzarkidea: «Haustekundeen eraginez, Bilduko ordezkariak oso urduri daude, eta gezurretan ari dira. EAJk argi utzi du 25 euroko neurriaren aldeko jarrera». Oiarbideren arabera, Bilduk bere benetako plana ezkutatzen jarraitzen du: «Ez dio herritarrei esan nahi errepideak erabiltzeagatik zerga berria ezarri nahi duela». EAJren iritziz, foru gobernuak aukera galdu du herritarrei azaltzeko zein den errepideak finantzatzeko benetako eredua.
«Etxegaraten bidesaririk ez»
Autopistetan gehienez 25 euro ordaintzeko neurriaz gain, errepideetako beste kontu bat ere eztabaidagai da bi aldeen artean: Etxegaraten bidesaria jartzea edo ez. EAJk bidesaria jartzeko eskatu dio aldundiari aste honetan, baina hark ezetz erantzun dio: «900 milioi euroko zorra ez dago kitatzerik balizko bidesari gune batekin, urtero zazpi milioi euroko diru sarrera utziko bailuke». EAJk dio urtero 54 milioi euroko diru sarrera utziko lukeela, Etxegarate «10.000 kamioilari atzerritarrek» zeharkatzen dutelako. Bilduk gezurtatu egin du datu hori. «EAJk planteatzen duena gure garraiolarien kalterako izango litzateke, eta nahikoa egoera larrian daude». Errepideen finantzaketa egoki eta justuagoa nahi duela adierazi du Bilduk.
Salatu dute autopistetan gehienez 25 euro pagatzeari aurka egin diola EAJk
Jeltzaleen esanetan, Bilduk ez die herritarrei esan nahi errepideak erabiltzeagatik zerga berriak jarri nahi dituela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu