Okupazioa

Salatu dute Donostiako Firestone okupatua husten saiatu direla

Fabrikaren barruan zeuden lagunek esan dute pertsona batzuk sartu direla eraikina husteko asmoz. Ertzaintzek esan diete ez dutela hustuko, prozesu judiziala hasita dagoelako.

Firestone fabrika izandakoaren kanpoaldea, gaur goizean. IRUTXULOKO HITZA
2020ko apirilaren 21a
11:05
Entzun

Donostiako Añorga auzoko Firestone lantegi okupatuaren barruan zeuden lagunek salatu dute pertsona batzuk fabrikara sartu direla 09:00 aldera, atzeko ate bat behartuta. Lantegiaren jabeari egotzi diote haiek bidali izana, fabrika husteko asmoz. Ertzainak joan dira, eta eraikina arakatu dute. Barruan zeuden pertsona guztiak identifikatu dituzte, eta kanpoan babesa ematen ari ziren bi laguni isuna jarri diete, BERRIAri adierazi diotenez.

«Legez kanpoko huste saiakera bat» izan dela salatu dute. Ertzainek adierazi dute prozesu judiziala abian dela, eta ez dutela fabrika hustuko. Konfinamendua hasi baino bi aste lehenago, salaketa bat jaso zuten okupazioagatik, eta, alarma egoeraren ondorioz, prozedura geldi dagoela azaldu diote Irutxuloko Hitza-ri: «Prozedura judiziala hasi besterik ez zen egin konfinamendu agindua heldu zenean, egiten saiatu direna ilegala da», adierazi dute.

2015eko maiatzaren 1ean okupatu zuten 150 herritar inguruk Firestone gurpil lantegia izandako eraikin hutsa. Eraldia izeneko egitasmoa jarri zuten martxan, «lantegi berreskuratua» ekonomia sozial eta eraldatzailearen inguruko proiektu autogestionatuen topaleku bihurtzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.