Salatu dute Osakidetzak utzi egin diola Bortzirietako herritarrak artatzeari

Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesakako alkateek diote «irizpide ekonomikoak» daudela erabakiaren atzean

Iruñera bideratutako herritar kopurua nabarmena izan da Donostiako Onkologikoan, Jon Abrilen arabera. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
jon olano
2012ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Nafarroako Bortzirietako alkateek salatu dute Osakidetzak utzi egin diola eskualde horretako biztanleak Donostian eta Irunen (Gipuzkoa) artatzeari. Arantza, Lesaka, Bera, Igantzi eta Etxalar herrietako biztanleak Iruñeko erietxera bideratzen ari direla salatu dute, eta eskualdea non dagoen aintzat hartzeko eskatu dute: 70 kilometro egin behar dituzte Bortzirietako herritarrek Iruñeko erietxera joateko; aldiz, hamabost edo 35 kilometro, Irunera edo Donostiara joateko.

Egoeraren berri emateko, agerraldia egin zuten atzo Jon Abril Berako jarduneko alkateak, Lurdes Ibarluzea Igantziko alkateak, Peio Etxabide Lesakakoak eta Migel Mari Irigoien Etxalarkoak. Alkateek ohartarazi dute eskualdeko biztanleak «betidanik» artatu dituztela Irunen edo Donostian, baina, azalpenik gabe, Iruñera bideratzen ari direla gero eta gaixo gehiago. Hain zuzen, 1988ko azaroan hitzartu zuten Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak osasun arloko hitzarmena.

Alkateek «irizpide ekonomikoak» antzematen dituzte Bortzirietako herritarrak artatzeari uzteko erabakiaren atzean. Abrilen arabera, hitzarmenak «arazorik gabe» funtzionatu du, eta «murrizketa ekonomikoen garaian» hasi dira arazoak. Gainera, erabakiak «erabateko lotura» du Eusko Jaurlaritzaren eta Errioxako Gobernuaren arteko osasun gatazkarekin.

Bideratzeak Donostiako Onkologikoan izan dira nabarmenak, Abrilek esan duenez: «Badaude zenbait kasu urteak daramatzatenak bertan tratamendua jasotzen eta, egun batetik bertzera, lekuz aldatu dituztenak». Igantziko emakume baten kasua aipatu du Abrilek, egoera zertan den adierazteko: «Asteartean zuen kontsulta [hilaren 3an], eta joan den asteko ortziralean deitu zioten telefonoz, kontsultara ez joateko abisua emanaz, haren espedientea Iruñera pasatu zutelako».

Abrilen arabera, ez herritarrek eta ez alkateek ez dute jakinarazpenik edo leku aldaketaren arrazoirik jaso. Marta Vera Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariari bilera eskatu diote, baina Abrilek gaineratu du oraingoz ez dutela erantzunik jaso. Hala ere, egoerak ez ditu guztiz ezustean harrapatu alkateak: «Duela bi edo hiru urte hasi ziren gero eta zerbitzu gehiago Iruñera bidaltzen. Ez zegoen irizpide zehatzik: batzuetan, Irunera bidaltzen zituzten; bertze batzuetan, Donostiara; eta bertze batzuetan, Iruñera». Bortzirietako Osasun Kontseiluak bilera egin zuen abenduan gauzak zertan diren aztertzeko, baina azken asteetan egoera «larritu» egin dela azaldu du Abrilek.

Bortzirietako biztanleen osasun arretaren gaia Eusko Legebiltzarrera eramango duela iragarri du Aralarrek; Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari azalpenak eskatuko dizkio Aralarreko legebiltzarkide Dani Maeztuk: «Arabarrei egindakoa Bengoak gaitzetsi ostean Osakidetzak gauza bera egitea larria da». Albistea «harriduraz eta arduraz» jaso du Maeztuk, uste baitu «gizalegezkoa» dela Arabako Errioxako herritarrentzat eskatutakoa Bortzirietakoei ematea.

Arreta, «normaltasun osoz»

Bortzirietako alkateek esandakoa ukatu egin du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, eta erantsi du Nafarroako gaixoak «normaltasun osoz» artatzen jarraitzen dutela Irungo eta Donostiako ospitaleetan. Osasun Sailak gogorarazi duenez, Nafarroako 1.400 biztanle artatu zituzten 2010ean Gipuzkoan, eta gaineratu du Osakidetzak «historikoki izan dituzten baldintza berberetan» artatzen dituela Nafarroako eriak: «Haien arreta bat dator gertutasun geografikoaren logikan eta elkartasunean oinarritutako osasun sistema bat izateak duen garrantziarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.