Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak eman ditu azalpenak. Adierazi duenez, estatuari "arrisku eta mehatxuei aurre egiteko tresnak" ematea da arauaren asmoa.
Espainiako Gobernuaren boterea indartuko du hainbat alorretan; hark izendatu ahal izango du "segurtasun nazionalaren intereserako" egoera. Baita alarma eta salbuespen egoerak izendatzea ere, betiere egoera hori ez bada 1981eko Alarma, Salbuespen eta Setio Legea ezartzeko bezain larria.
Lege organiko behar zuen arauak, hala onartu baitzuten lege aurreproiektua. Hortaz, esaterako, Espainiako Kongresuaren gehiengo osoa behar zuen aurrera egiteko. Saenz de Santamariak iragarri duenez, ordea, lege arrunt gisa onartuko dute, argudiatuz ez duela eraginik izango herritarren eskubideengan. Espainiako Estatu Kontseiluak babestu egin du arauaren maila apaltzea, Saenz de Santamariaren esanetan.
Arauak segurtasun nazional kontzeptua definituko du, eta zibersegurtasun, itsas eta finantza segurtasunen alorretan izan beharreko eskumenak zehaztuko ditu; baita telekomunikazio, energia, garraio eta ingurumen segurtasunari buruzkoak ere.