EUSKAL HERRIA

"Salbuespen egoera" salatu dute 2010eko sanferminetan ikurrina ateratzeagatik inputatutakoek

Txupinazoan ikurrina ateratzea saihesteko udaltzainek "beldur eta tentsio uneak" eragin zituztela salatu dute. Ikurrinaren kontra "fobia" izatea egotzi diote UPNri. Herritarrei dei egin diete urriaren 26an eguerdian Udaletxeko plazan elkarretaratzeko.

2013ko urriaren 9a
18:18
Entzun

Iruñeko Gaztelu plazan egin dute agerraldia. Horrela ohartarazi dute "askatasuna irudikatu nahi zuen" sinboloak Nafarroan jasaten duen "jazarpenaz". Azaroaren 18an epaituko dituzte hamahiru lagun, "2010eko txupinazoan ikurrina zabaldu eta babesteagatik". Salatu dute udaltzainek jo eta hainbat lagun zauritu zituztela.

"Elkartasuna adierazi nahi diogu larri zauritu zuten pertsonari", esan dute. Fiskalak 33 urteko espetxe zigorra eta 150.000 euroko isuna eskatu du guztira; akusazio partikularrak, berriz, 160 urte eta 350.000 eurokoa. Auzipetuek nabarmendu dute gertatutakoa "ikurrina baten zabaltze soilari Udaltzaingoak emandako erantzuna" izan zela.

"Hau da errealitate gordina, hiri honetan inposatzen zaiguna. Honen aurrean, arduraz jokatu nahi dugu, eta adierazi guztion eskubideak bermatu eta guztion sinboloak errespetatzen dituen Iruñea baten alde gaudela", esan dute. Halaber, kritikatu dute Nafarroako hiruburuan ez direla "berdin errespetatzen guztion eskubideak".

"Elkarbizitzaren alde" lanean jarraituko dutela adierazi dute, eta datozen asteetan hainbat eragile sozial, sindikatu eta alderdi politikorekin bilkurak egingo dituztela iragarri. Gainera, herritarrei dei egin diete urriaren 26an eguerdian udaletxeko plazan elkarretaratzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.