«Salgaiek milaka kilometro egiten dituzte dendetara iritsi ahal izateko»

AHTaren kontrako militante sutsua da Prieri, eta Europan antolatzen ari den borroka indartzeko deia egin zuen Uztaritzen.

Aitor Renteria.
Uztaritze
2010eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Euskal Herriko garraioari buruzko jaurdunaldia egin zuten Uztaritzen Ingurumena Zaindu elkarteak eta CADE elkarteak joan den larunbatean Uztaritzen (Lapurdi). AHTaren eztabaida tokiko ibilbidera mugatu nahi dutenen irizpideak saihestuz, Europa eta mundu zabaleko garraioa ukan zuten aztergai, AHTaren xedea ikuspegi horretan kokatzen delako. Italiako Turin hiritik jina, Paolo Prierik Italiako Susa ibarreko adibidea jorratu zuen, AHTko borrokan egindakoa aipatuz.

Garraioak Euskal Herrian duen bilakaera ulertzeko, munduan eta Europan duen bilakaera aztertu duzue. Zergatik hautu hori?

Uztaritzeko jardunaldiko xedea ez zen jakintsuen topaleku bihurtzea, baizik eta elkarren esperientzien trukaleku oparoa izatea. Pedagogia kolektiboa izan da, ustez gureak sentitzen ditugun arazoak orokorrak direlako. Ezin da ulertu eta gainditu arazoa ikuspegi orokorra ez baldin badugu. Europa aipatzean bi elementu nagusi daude: neoliberalismoa eta kapitalen mugimendu askea. Salgaiek ez dute bidaiatzeko trabarik, baina pertsonek bai. Sistema neoliberalak bere egin du mundua, kapitalak mundu zabalean baliatzen ditu. Urruti kokatu dute ekoizpena, eta handik ekarri behar da, ondorioz, salgaia.

AHTaren garapena ikuspegi neoliberalean kokatzen duzu orduan.

Neoliberalismoaren eredu horri traba eragin diezaiokeen guztia sistemaren jomugan dago. Tokiko lantegiak kentzen dira, sindikatuak ahuldu, langileen eskubideak murriztu. Hori da sistemaren logika, eta guztioi eragiten digu. Sistemak gehiegizko kontsumoa du oinarri. Gehiegizko kontsumorik gabe eredu neoliberala birrinduko litzateke.

Abiadura handia da sistemaren oinarrizko baldintza?

Mundu zabaletik heltzen dira barazkiak, fruituak. Sistema hori abiaduran oinarritzen da. Orain kontsumitzen dugun baratxuri gehiena Txinatik heldu da. Milaka kilometro zeharkatzen dituzte salgaiek saltegietara heltzeko. Eta arin egin behar dute. Aldi berean, tokiko ekoizpena galtzeko zorian da. Edukiontzi handiak dira garraioaren oinarri. Itsasontziak, trenak, hegazkinak, denak dira gero eta handiagoak, eta, egiturek ere, portuek, aireportuek, errepideek, gero eta handiagoak izan behar dute logika horri erantzuteko. Salgaiek ez daukate berehalakotasunaren beharrik. Kontrakoa. Noiz atera eta noiz helduko diren bermatu behar zaie. Abiaduraren mitoak erokeriara darama. Kamioi osoak sartu nahi dituzte trenean. Eta usu hutsik doaz edukiontziak zein kamioiak. Absurdoa da.

Iraunkorra izan daiteke eredu hori?

Argi dago ezetz. Datu eta errealitateak mozorrotu behar dituzte. Garraio kopurua gora doala sinestarazi nahi diete agintari politikoei, eta datu horiek tonatan ageri dira. Neurgailu hori ezin da bakarra izan, ordea. Ez da gauza bera lasto tona bat edo ordenagailu tona bat. Ez dute balio bera. Tona batean, dentsitatea batetik ehun milara alda daiteke. Ez du prezio bera findu gabeko petrolio tonak edo birfindutako erregaiak. Europaren barnean ez daude ikuspegi berak. Europako Parlamentua batzar bat da, eta herritarren erabakien abiaduran hartzen ditu erabakiak. Europako Batzordeak, berriz, ez. Ez dute herritarrek hautatzen, baina erabakitzen du. Enpresen abiaduran eta haiei erantzunez jarduten du Europako Batzordeak. Zeinek egiten ditu ikerketak? Ikerlanen atzean interes ekonomikoak daude. Enpresek berek ordaintzen dituzte Europako Batzordeak aintzat hartuko dituen ikerketak. Enpresek «egiak erosten dituztela» erraitera heltzeko gutxi falta da.

Ba ote da alternatibarik eredu horren aitzinean?

Herritarrek haien neurriko ingurumena nahi dute. Azpiegituren atalean, herritarren nahi eta iritzietan oinarritu behar dira erabakiak. Ez da aski ikertzaileen, ekonomialarien iritzia. Herritarrenarekin uztartu behar da. Ez da akademikoa, baina herritarrek berezko jakintza daukate. Herritarren egiak esperientziaren oinarri sakonak ditu. Soziologoek aspaldi nabarmendu dute herritarren parte-hartzea eta iritzia errespetatzearen beharra. Siziliako Priolo herrian gertatua da: haur sortu berriek arazoak zituzten. Gero eta gehiago jaiotzen ziren arazoekin. Soinadarrak falta zituzten, itsu sortzen ziren edo arnas aparatuko arazo larriekin. Salaketa egin zuten herritarrek, eta ikerketak erakutsi zuen inguruetan zegoen birfindegiak eragiten zituela eritasunak.

Italian indartsua da AHTaren kontrako borroka. Zein da egoera?

Italiako Susa ibarrean borroka latzak daude. AHTaren xedea inposatu digute. Kopuru eta aurrekontu faltsuak baliatu zituzten. Herriak protesta egin zuen, eta egoera agerian utzi. Gero zundaketa lanak egin zituzten. Herritarrek protestak egin zituzten. Lanen erdian sartu ziren. Gobernuak 400 soldadu bidali zituen zundaketa lanak egiteko. Militarizazioaren xahutzea jasanezina bihurtu zaio Italiari, Europak 9,18 milioi euro kendu ondoren ikerketen aurrekontutik. Guk, herri mugimendu gisa, ibilbide erdi-erdian dagoen eremua erosi dugu, mila metro koadrokoa. Gotorleku bat eraikitzen hasi gara. Ez gaituzte handik botako. 70.000 pertsona bizi dira ibarrean, eta manifestazioetan 50.000 bildu izan dira. Ez dago herriaren gainetik pasatzerik. Ezin dugu pentsatu AHTaren erronka bakarrik irabaz daitekeenik.Iaz Europako elkarte ugari bildu ginen Hendaian, eta itun bat izenpetu genuen. Hori gogoratzeko manifestazio bat eginen dugu aurten Europa osoan abenduaren 11n.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.