Sabino Arana Fundazioak gaur jakinarazi ditu izen bereko sarien aurtengo irabazleak. Alex Salmond Eskoziako lehen ministro ohia, Maialen Chorraut piraguista, CEAR Iheslariak Laguntzeko Batzordea, John Garamendi Kaliforniako senataria, Leopoldo Zugaza kultur sustatzailea eta Velatia enpresa izan dira sarituak. Urtarrilaren 31n egingo dute sariak emateko ekitaldia, Bilboko Arriaga antzokian.
Alex Salmond SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko parlamentaria da Erresuma Batuko parlamentuan. Zazpi urtez lehen ministro izan ostean, 2014ko irailean eman zuen dimisioa, Eskoziaren independentziari buruzko erreferendumean unionismoa nagusitu eta biharamunean. John Garamendi euskal jatorriko Kaliforniako senatari eta Alderdi Demokratako kidea da.
Maialen Chourrautek 32 urte ditu. 2009an, munduko txapeldunorde izan zen; 2011n, brontzezko domina eskuratu zuen Munduko Txapelketan; 2012an, brontzezkoa Londresko Olinpiar Jokoetan; iaz, Europako txapeldunorde eta Munduko Kopako irabazle; eta aurten, Europako txapeldun.
CEARek Giza Eskubideen Rene Cassin saria eskuratu zuen 2013an, "migratzaileen eta errefuxiatuen eskubideen defentsan" egindako lanagatik.
Leopoldo Zugaza durangarra 1932an jaio zen. Editorea eta kultur sustatzailea da, eta, besteak beste, Gerediaga elkarteko Durangoko Azokako sortzaileetako bat. Horregatik, Argizaiola saria eman diote aurten, azokaren sorreran aritutako beste batzuekin batera. Eusko Ikaskuntzak ohorezko kide izendatu zuen 2006an.
Ormazabal taldea 1967. urtean sortu zen, eta 2012an hartu zuen Velatia izena.