Arkaitz Bellonen heriotza

Saminak ez ditu 'garai berriak' ulertzen

Elorrioko herritarren bihotzak eta oroimena kolpatu ditu azken egunotan egutegiak: Arkaitz Bellon hil zen asteazkenean, eta bi egun falta ziren Jose Maria Aranzamendi presoa hil zeneko hamazazpigarren urtea betetzeko.

Jesus Guridi Txato eta Gorka Kortabarria Poti, Elorrion. LIHER LARRAÑAGA.
Iñaki Larrañaga Aizpurua.
Elorrio
2014ko otsailaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Badirudi denbora eten egin dela Elorrion (Bizkaia). 1994ko otsailaren 6 urrun hark egutegia behin betiko ainguratu zuela. Denbora asko igaro da ordutik, hala ere, aurpegi luzeak, amorrua eta dolumina Udalatx mendipera itzuli dira hamazazpi urteren ostean. Izan ere, orduko sentimendu berbera arnasten da egunotan herrian. Orduko atsekabea. Ostegunean hil zen Arkaitz Bellon Pantxi, bere ziegan. Bi egun falta ziren Jose Maria Aranzamendi Katxue herrikidea hilik aurkitu zuten 17. urteurrena betetzeko. Bi elorriar, bi belaunaldi, baina bukaera berdina.

Gorka Kortabarria Poti-k (1978) 18 urte zituen Katxue hil zenean. Pantxi alboan zeukala jaso zuen berria. Norbaitek Rock Txosna izena zuen lokaleko atea jo, eta «Katxue hil da!» oihukatu zien. Altxatu eta korrika abiatu ziren herriko plazara. Kinta berekoak ziren Poti eta Pantxi, eta gutxinaka lagun talde berbera osatu zuten. «Nik ikastolan ikasten nuen; berak eskolan. Ni errugbian aritzen nintzen; bera futbolean. Dena den, astiro-astiro hurbilduz joan ginen, eta 16 urterekin, Elorrixoko Gaztetxera joaten ginen heinean, harreman estuaegin genuen», dio Potik.

Jesus Guridi Txato-k (1958) ere badu gogoan Katxue hil zeneko egun hura. Poti eta Pantxiren kasuan bezala, Txatok eta Katxuek gaztetan ezagutu zuten elkar. Gogoan ditu garai horiek: «Umetan, Katxue kaletarrekin ibiltzen zen, baina mendiarekiko eta ehizarekiko interesak gure kuadrillarengana hurbildu zuen 16 urte inguru zituenean. Momentu horretatik aurrera hasi ziren afariak, parrandak…».

Gaztetan kartzelatu zituzten Katxue eta Pantxi. Biek ezagutu zuten kartzela politikaren eragina. Eta nahiz eta bukaera berdina izan, heriotzera arteko bidea ezberdina izan zen. Katxue urkatuta aurkitu zuten Alcala Mecoko (Madril) ziega batean. «Sakabanaketa izan zen errudun nagusiena Katxueren heriotzan. Behin gertatuta, ikusten duzu zein ondo dagoen eratuta sistema guztia pertsona batek krak egiteko. Esan daiteke, bere eskuzabaltasunean, ez zela gai izan egoera gainditzeko eta ez etsitzeko».

Txatok atzo gertatu izan balitzaio bezala du buruan Katxueren hileta. Potik ez hainbeste. «Gogoratzen naiz plazan egon ginela, jendez inguraturik. Jende asko zegoen, eta kuadrillakoak han egon ginen, baina ez dut askoz gehiago gogoratzen». Txatori oholtza gainean egotea egokitu zitzaion, kuadrillako ordezkari gisa. Plaza guztiz beteta zegoela oroitzen du, eta oso luze egin zitzaiola. «Gogoan dut Sorozabalen martxa, eta oholtza gaineko itxaronaldia. Animo aldetik ere nahiko arraroa zen. Momentu batzuetan, gorantza; besteetan, beherantza…».

«Ez dut sinesten oraindik»

«Ni horren zain nago, ez zait buruan sartzen, ez dut sinisten oraindik», eten dio Potik. Izan ere, hiru hilabete geratzen zitzaizkion Pantxiri Cadiz behin betiko atzean utzi eta Elorriora, jaioterrira, ekarriko lukeen bidea egiteko. «Arkaitzena gertatu baino egun bat lehenago [asteartean], maiatzaren 27an itzuliko zela hasi nintzen pentsatzen. Lanetik bueltan nentorren, eta gauzak nola dauden ikusita, ongietorririk ezingo geniola egin pentsatu nuen. Hainbeste urtetako bisiten ostean, itzulera imajinatzen nuen. Eta handik 24 ordura hau guztia gertatu zen, eta orain ez dakit zeri heldu».

Txatoren kuadrillan «coitus interruptus» bat bezala jaso dute albistea, plazeretik etsipenera egin dutelako bat-batean. «Kuadrillako bat joan zitzaigun [Katxue], baina azken hilabeteetan beste bi atera dira. Igandean egingo diogu urteroko omenaldia Katxueri, baina aurten jai baten moduan ospatzea geneukan erabakita. Orain, albiste honek lur jota utzi gaitu».

Pantxik hainbat presondegi zapaldu zituen burdinen artean izan zen hamahiru urteetan. Guztietan bisitatu zuen Potik, eta guztietan jaso zuen kartzelatuaren baikortasuna. «Pertsona oso gogorra zen. Bisitetan, zuk berari baino gehiago, berak ematen zizun indarra, nahiz eta jakin egun batzuk lehenago sekulako jipoiak jaso zituela. Begiak itxi-itxita eta irribarrez heltzen zen bisita gelara».

Joan den asteazkenean, Bellonen heriotzaren albistea Euskal Herrian barrena zabaldu zen. «Telefonoz jaso nuen berria», dio Txatok. «Katxue etorri zitzaidan burura. Katxue eta inpotentzia. Pantxiren irakasle izan nintzen, eta gure lehiatxoak genituen, beti geunden adarra jotzen bata besteari. Oraindik albistea ez zegoela kontrastaturik esan zidaten, eta horri heldu nintzaion».

Hala ere, ordu batzuk geroago heriotza konfirmatu, eta Elorrioko kaleak jendez bete ziren espetxe batean hil den azken presoa omentzeko asmoz. Presoen auzian, «ezbeharrez», Pantxik garai berri honetako lehen harria jarri duela uste du Txatok. Hala ere, aldatu ez diren elementuak begiztatu ditu egoera politiko berri horretan. «Bere garaian, gutxinaka estutuz zihoan esku baten barruan ikusten nuen nire laguna. Zoritxarrez, ez dut uste hori aldatu denik. Kartzela politika oso ongi diseinatutako zerbait da, eta arlo horretan ez dut uste asko aldatu denik».

Behin albistea jasota, Pantxiren familia bisitatzetik zetorren Poti egunotako batean. Pantxi gogoan zaitugu pankartak eta ikurrinen gainean xingola beltzak ikusi zituen herriko plazan. «Inoiz ez nuke pentsatuko hori 2014. urtean gerta zitekeenik. Gure aitita eta amamek esaten zuten ba: 'zuek ez dozue gerra ezagutu'. Guk ere gerra hori ezagutu dugu, baina beste modu batera».

Etorkizunerako desio bat eskatzeko galdeginda, «berriro gerta ez dadila» eskatu du Txatok. «Badakit topiko bat dela, baina ez da horrela. BERRIAko irakurleek hau irakurtzean esaldi bakun bat besterik ez dela pentsa dezakete, baina kontuan hartzekoa da honek guztiak atzean daukan curriculum iluna. Denok jarri behar dugu zerbait berriro gertatu ez dadin». Potik askatasunean jarri du jomuga: «Askeak izango gara. Ez dakit noiz, baina askeak izango gara. Eta Katxueren garaiko eta Pantxiren garaiko helburu berberak lortuko ditugu, hau da, aske izatea».

«Gora gure etorkizuneko Euskal Herri aske eta euskalduna» idazten zion agurtzeko Potik Pantxiri eskutitz guztietan.

Iraganeko mamuek ez dute garai berriez ezagutzen. Txato-Katxue; Poti-Pantxi: lau elorriar, hamazazpi urte eta bukaera bera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.