Hilketa ondorengo eguna zuten atzo Errenterian (Gipuzkoa). Saminaren eta isiltasunaren eguna. Hogeita lau ordu pasa berriak ziren herrian emakume bat hil zutela. Clara Rangel ustez bikotekideak hil zuen, labankadaz. 35 urte zituen, eta hiru haur. Hilketa gertatu bezain pronto hasi ziren salaketak, eta iluntzean izan ziren lehenengo elkarretaratzeak. Mobilizazio nagusiak, ordea, atzorako utziak zituzten.
Eguerdirako herriko plazan biltzeko deia egina zuen Errenteriako Udalak. Leku eta ordu berean bilkura deitu zuen Emakumeen Mundu Martxak. Juan Carlos Merino alkatea buru, berrehun bat lagun bildu ziren plazan, bi deialdiek bat eginda. Tartean ziren hainbat ordezkari politiko. Besteak beste, Iñaki Arriola (PSE-EE), Arantza Quiroga eta Regina Otaola (PP), Antton Karrera (EB), Joxean Rekondo (EA) eta Rebeka Ubera (Aralar). Emakundeko presidentea ere, Izaskun Moyua, elkarretaratzean izan zen.
Azken orduetan pilatutako samina ordu laurdenez isilik adierazi zuten herriko enparantzan, eta amaieran, alkatea hitza hartzera zihoala, Emakumeen Mundu Martxako kideek egin zuten bezperan gertatuaren irakurketa. Haien esanetan, «kultura matxista» da nagusi gizartean, eta hura izan da Clara Rangelen hilketaren «egile intelektuala». Agintariei ardura hartzeko eskatu diete, egiten dutenarekin eta ez dutenarekin gisa horretako hilketen «konplize» direlakoan. «Udalak elkartasuna adierazi du, konprometitu egin da, samindu egin da... Baina ez du neurri bakar bat ere hartu hilketa horiek gerta ez zitezen». Hartatik, baliabideak jartzeko eskatu diete agintariei, «diskurtso hipokritak eta aurpegi zurikeria oportunistak» alde batera utzita. Hain zuzen, agintariek baliabiderik ez dutela jartzen salatzeko pankartak eraman zituzten. Argazki gutxiago, ardura gehiago, zioen batek.
Errenteriako alkateak, bere aldetik, berdintasun plana egin dutela gogorarazi zuen, eta espero dutela horrekin emakumeen aurkako indarkeria «errotik moztea». Haren ustetan, erakundeek «bitartekoak eta baliabideak» jartzen dituzte genero indarkeriari aurre egiteko. «Tratu txarrak inguratzen dituen isiltasunaren zirkulua hautsi egin nahi dugu, eta beldurragatik isildu eta sufritzen duten emakume horiei guztiei duintasuna itzuli».
Bost atxilotu Nafarroan
Errenteriako Udala aztertzen ari da kasuan akusazio partikular gisa aurkeztea. Alkateak jakinarazi du beste erakunde batzuekin koordinatuta ariko direla, haiek ere salaketaren bat aurkeztea erabakiko balute ere.
Errenterian emakume bat hil eta hurrengo egunean, Joseba Azkarragak, Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak, iragarri du 2009an «errendimendu osoan» ariko dela genero indarkeriaren biktimak babesteko aginduen koordinazio zentroa. Gizarte Gaietako Sailak jakinarazi du tratu txarrak jasaten dituzten emakume etorkinei bideratutako kanpaina bat abian jarriko duela, Isiltasunak ez zaitu babesten lelopean.
Bien bitartean, erietxean jarraitzen du ustezko hiltzaileak. Ertzaintzak uste du emakumea hil eta senitartekoak zauritu ondoren bere buruaz beste egiten ahalegindu zela. Donostia Ospitalean dago, ertzainek zainduta, atxilotuta. Aldiz, erietxean zeuden beste bi lagunek -hildakoaren seme zaharrena eta ustezko hiltzailearen anaia- jaso dute dagoeneko senda agiria.
Genero indarkeriak, ordea, ez du etenik. Azken astean bost gizon atxilotu dituzte Nafarroan. Zizurko (Nafarroa) 46 urteko gizonezko bat herenegun goizean atxilotu zuten, emazteak tratu txarrak eta mehatxuak salatu ondoren; gizonak etxetik alde egin zuen ustezko tratu txarrak eman ondoren, eta Udaltzaingoak atzeman zuen. Foruzaingoak 50, 40, 37 eta 32 urteko beste lau gizon atxilotu ditu Tuteran, Sakanan eta Iruñean.
Errenterian isiltasunak eta saminak jarraituko du urtea amaitu eta datorrena hasi bitartean. Udaletxean lazo zuria jarri dute balkoitik zintzilik, eta han egongo da hiru egunetan, Clara Rangel herritarra gogoratzeko.