San Andresko Agiriaren konpromisoak berretsi dituzte, 80

ANVren sorrera oroitu, eta 30eko hamarkadako kideak omendu ditu Elorrion ezker abertzale historikoak

jon olano
2010eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
1930ean San Andresko Agiria plazaratu eta Eusko Abertzale Ekintza (EAE-ANV) sortu zenetik 80 urte bete ziren iragan asteartean, eta agiri hartako konpromisoei eusten diotela azaldu du ezker abertzale historikoak. «Euskal politikagintzan eragile izaten jarraitzeko eta Euskal Herriko errepublika independente eta sozialistaren alde egiteko konpromisoa» berretsi du, eta «Espainiako Estatuak lapurtutako legezkotasuna berreskuratzeko asmoa» duela aldarrikatu du.

Atzo gogoratu zuten 80 lagun inguruk agiriaren 80. urteurrena eta ezker abertzale historikoaren sorrera, Elorrion (Bizkaia). Konpromisoak berresteaz gain, 1930eko hamarkadan alderdiko kide zirenak omendu zituzten. Francoren erregimenetik «benetako trantsizio demokratiko bat»ez dela izan salatu zuten, 1977ko amnistia legeak erregimenari «zilegitasuna» ematen diola uste baitute. Horregatik, «benetako trantsizio demokratiko» baten alde lan egiteko prest dauden indar politikoei dei egin zieten, elkarlanean aritzeko. Dei horren adierazle izan zen, besteak beste, Lau Haizetara Gogoan-en, Pello Urizar EAko idazkari nagusiaren eta Tasio Erkizia ezker abertzaleko kidearen presentzia.

Legez kanporatzeak ez direla errepikatuko bermatu behar dela azpimarratu zuten ekitaldian, ANVk egoera hau sarritan bizi izan duela gogoratzearekin batera. Eskubide zibil, politiko, ekonomiko eta ekologiko guztiak berriz ezartzeko eskatu zuten, uneoro 1930eko agiria irakurgai zutela.

Abertzaletasun aurrerakoia

1930. urtean San Andresko Agiria sinatu zutenek abertzaletasun berri baten oinarriak idatzi zituzten, ordurako aurrerakoiak ziren ideiak erantsi zizkiotelako abertzaletasunari. Joera laikoa hartu zuten erlijio kontuetan, ez baitzetozten bat EAJk babestutako Jainkoa eta Lege Zaharra goiburuarekin. Etorkinen aurrean jarrera irekia azaldu zuten, eta jarrera ezkertiarra eman zioten abertzaletasunari, 1934an agertu baitzen lehen aldiz sozialismo hitza ANVren agirietan.

Manifestuak Euskal Herri batu bat babesten zuen, eta independentziaren aurrean pausoz pausoko estrategia egin zuen.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.