Agerraldi publikoak ez ditu maite Pello Sarasolak (Hernani, Gipuzkoa, 1964). Sukaldeko eta itzaleko lana egitea da gustatzen zaiona. Eta horretarako itzuli dela dio. 2009an ETBra itzultzeko aukera izan zuen, baina azken orduan "damutu" egin zen, Antena3eko etapa amaitu gabe zuela pentsatzen baitzuen. Epe horretan LTD bidezko kate berrien sorrera zegoen, "sormen epe bat". LTDko Antena3ko kate berriak egonkortu zirenean, "etxera bueltatu" nahi zuela ikusi zuen.
Nola aurkitu duzu ETB? Duela sei urte baino ahulago al dago?
Benetan diot ETB bizi-bizirik ikusten dudala, eta gauden testuinguruan nahiko indartsu. Ezin da konparatu 2005eko telebista eta gaur egungoa. Gaur egun multikanal egoera batean gaude, eta telebista munduan tokitxo bat izatea zailagoa da. Bestetik, diru falta dago. Baina nik jendearen begietan ikusten dut joan nintzenean baino lan egiteko gogo askoz gehiago. Zailtasunei aurre egiteko gogoa ikusten dut.
2011n ETB1ek %2ko ikusle kuota izan du. Zer hausnarketa egiten duzu kateaz? Egin al dezake hortik gora?
Ezin da pentsatu Euskal Telebista euskaraz egiten den telebista guztia denik. Teknologia aurrerakuntzari esker, jende askok egiten du telebista eta Internetek hori erakusten du. Ez dugu sentimendu patrimonialistarik izan behar. Baina bakarrik ETB1ek lor dezake euskaldunon komunitatean gehiengoaren erreferente nagusiak izatea. Erreferente gehiago behar ditugu, eta ditugunak aberastu. San Mames bat beteko luketen saioak behar ditugu. 24 orduko audientzia kontuan hartuta, zaila da batez bestekoa asko handitzea. Euskaldunen artean %5etik %10era igo daiteke datua, baina gehiago ez. Izan ere, ETB1ek ez dauzka baliabideak 24 orduko programazio aberatsa egiteko. Baliabideak kontsumo altua dagoen orduetan jarri behar dira, horietan euskararen presentzia handitzeko.
Horregatik kendu al duzue Arratsaldero magazina?
Bai. Antena3en nengoenean Arratsaldero-ren proiektuaz hitz egin zidaten eta txalo egin nuen, bazelako garaia arratsaldean zerbait egiteko. Baina denbora joan ahala, konturatzen zara prime-time ordutegian hutsuneak dauzkazula eta arratsaldeko apustua zaila dela mantentzea. Gure lanean zailena lehentasunak ezartzea da. Une honetan lehentasun gehiago dituzte prime-time-ko hutsune eta aukera batzuk. 21:00etan kate guztietan albistegiak daude. Euskaldunon ordutegiak gaztelaniazko komunitatearenak baino ordu erdi aurreratuago doaz. Hartara, 21:00etan badugu aukera bat show-entretenimendu erreferente bat sortzeko.
Iban Garatek aurkeztuko duen 'Ai Ama!' izango da hori, ezta?
Bai. Apustu oso garrantzitsua izango da guretzat.
Zer gertatuko da 'Azpimarra'-rekin?
Ez dugu kenduko. Aztertzen ari gara non kokatu.
2012an etorriko den beste berrikuntza bat 'Bi eta bat' telesaila izango da. Hiru urtetan telesail berririk sortu ez denean, zergatik aukeratu duzue 'remake' moduko bat eta ez ideia berri bat?
Itzuli nintzean argi nuen fikzioak lehentasunen goiko puntan egon behar zuela. ETB1eko tontorrak entretenimenduan Goenkale-k eman ditu, eta zale gehien sortzen dituen generoa da fikzioa. Baina Goenkale ikur bakarra izateak ETB1en kontra egin dezake. Eta fikziozko beste produktu bat behar dugu. Hiru proiektu aurkeztu zitzaizkigun, hirurak oso onak, eta bi guztiz berriak. Hiru egile taldeak konfiantzazkoak ziren. Niri hirurak egitea gustatuko litzaidake eta hirurek funtzionatuko lukete. Baina dirurik ez dago, herriaren sosak hauek dira eta aukeratu egin behar da. Bi eta bat aukeratu dugu, uste dugulako genero bezala zabalena dela. Gainera, jendearen senean dagoen marka sortua du.
Ekoizle, gidoilari eta aktoreen artean kexua zabaldu da, azkeneko bi udatan Miramongo platoak itxita egon direlako. 2012ko udan erabiliko al dira?
ETBtik irten nintzenean etxeko detaile guztiak nekizkien. Azken urteetakoak ez ditut hainbeste kontrolatzen. Ezin dut baloratu Miramon itxita egon den ala ez. Hurrengo hilabeteetan Miramonen lanaz gainezka egongo da. Udan asko jaitsiko da produkzioa, aurten ere. Hori delako parrilak agintzen diguna. Fikzioa ez da udan programatuko, udaberrian eta udazkenean baizik. Bi eta bat udaberrian estreinatuko da.
Badago Kontseilugunea izeneko talde bat bilerak egiten, ETBri buruz hausnartzeko. Bilera batean parte hartu duzu. Nola baloratzen duzu?
Oso interesgarria. Jende oso jantzia dago taldean. Lanean ari garenok gure hariak guztiz irekiak izan behar ditugu gizartearekin, eta telebista publikoa are eta parte hartze handiagoa izan are hobeto. Eta parte-hartzea kritikoa bada hobeto. Kritika baikorrak denak dira aberatsak. Kritika ezkor guztiak ere legitimoak dira, eta errespetu guztiarekin onartu behar ditugu. Hori ulertzen ez duenak ezin du telebista publiko batean lan egin. Guri ordaintzen diguna gure kritikoa da. Eta oso kritikoa baldin bada seinale onena da. Kritikatzen zaituen jendea estimatzen zaituena da. Euskal gizartea ETBrekin beste telebista kate batzuekin baino kritikoagoa da. Eta hori osasun seinale bat da. Garrantzia ematen dio telebista publikoari eta orduan oso esijentea da.
Azkeneko bi urteetan ildo politikoari kritika asko egon dira. Ikusle datuen jaitsiera, batik bat albistegiena, ildo politikoarengatik dela diote ordezkari politiko batzuek.
1990. urtean hasi nintzen ETBn lanean eta leku askotan "caserio electronico" (baserri elektronikoa), "Telebatzoki" eta "La vasca" (zentzu ezkor batean) deitzen ziguten. Ez dakit orain bestelako izenik jarri zaion, agian sormena galtzen ari gara. Kritika politiko guztiak legitimoak dira eta beti egon dira. Ez gaitu harritu behar. Baina ikusle datuen jaitsierari dagokionez, ETBren datuak oraindik oso errespetagarriak dira. Europa mailan kopuru bat dago ardatz bezala hartzen da, zein hortik gora zauden telebista indartsuenen artean eta hortik behera ez zarela indartsua. Kopuru hori %10a da. ETB telebista talde bezala urtarrilean %12an dago. Audientzia errespetagarri bat da. Eta audientziak gora egingo du taldeko profesionalok gauzak ondo egiten baditugu. Gauzak gaizki egiten baditugu behera egingo du. Batzuk diote ETBk lurra hukitu duela, baina ez da hala. Hori esaten duenak ez ditu telebistaren audientziak ulertzen. Badaude telebista oso indartsuak, gure azpitik daude. LaSexta eta Cuatro ETB2ren azpitik daude, eta oso telebista errespetagarriak dira. Ez dira hiru mozolok egindako kateak. Hori kontuan hartuz, ETBren audientziak hobetzeko modukoak dira eta gure bokazioak izan behar du gora jotzea. ETBko profesionalen eskutan dago audientziaren bilakaera.
Urtarrilaren 7an Bilbon presoen eskubideen aldeko manifestazio erraldoi bat egin zen. Manifestazioaren ordu berean ETB1ek Espainiako Ligako Bigarren Mailako Deportivo-Xerez futbol partida eman zuen. Ezin al zen arratsalde hori beste modu batean kudeatu?
Etxeko zuzendaritzako kide naiz, eta naiz aparte jarri behar. Baina nire ardurak dauzkat: programazioaz eta informatiboak ez diren saioetaz arduratzen naiz. Beraz, erabaki hori albistegien zuzendaritzarena da. Manifestazioaren trataera egokia izan zen ala ez, nire iritzia daukat baina ez didate kontratatzen iritzi hori emateko. Albistegietan oso talde profesionala ikusten dut.
Aurrera begira, nola ikusten dituzu ETBko edukiak Interneten eta gailu eramangarrietan?
Duela hamar urte pentsatzen zen Internetek telebistari sekulako konpetentzia egingo ziola. Gaur egun ikuspuntua aldatu da. Internet ez da medio berri bat. Sare sozialetarako eta telebista ikusteko erabiltzen da batik bat Internet. Internet telebista da. 13-25 urte bitartekoen artean telebista kontsumoaren heren bat sarearen bitartez ikusten dute. ETBk kontuan hartu behar du hori. Soporteak ez du garrantzirik. Edukiak funtzionatzen badu, funtzionatuko du pantaila handian eta sarean. Edukia da giltza.