Azaroan hasiko dituzte lanak, eta heldu den urteko irailerako guztiz zigilatu eta itxiko dute San Marko zabortegia. Berrogei urtez, Gipuzkoako hondakinen parte handiena jaso du zabortegi horrek. 2008an itxi egin zuten. Harrezkero, egokitze lanak egiten aritu dira.
Zabortegia guztiz itxi eta zigilatzeko lanek 3,6 milioi euroko kostua izango dute. FCCk eta Moyuak eratutako aldi baterako enpresa elkarteak irabazi du lehiaketa; obra lehiaketara ateratako aurrekontua baino bi milioi euro gutxiagoan egingo dituzte lanak.
Aste honetan erabakia hartu du kontratazio mahaiak, eta San Marko Mankomunitateak asteazkenean egingo duen batzarrean berrestea espero dute.
Zigilatzeko, zaborra lekuz mugitu beharko dute, eta usaina sortuko dela ohartarazi du Denis Itxaso mankomunitateko presidenteak. "Bizilagunek bidesari txiki bat pagatu beharko dute". Inguruetako bizilagunei ahalik eta kalte gutxien egin eta usaina murrizteko "protokolo berezia" ezarriko dutela azaldu du.
Horregatik hasiko dituzte obrak neguan. Zaborra estalita edukiko dute, eta agerian ibiliko direnean usaina kentzeko produktu batzuk botako dizkiete. Mugimendu horietan askatuko diren gasak eta metanoak biltzeko neurriak ere hartuko dituzte, ahalik eta gutxien igortzeko atmosferara.
Zaborra, zuloan zigilatuta
Zulo handi batean sartuko dute zabor guztia, zigilatzeko, "boltsa moduko batean". Zuloaren oinarria eta alboak tratatuko dituzte, ez iragazteko. Hondakinen arriskua izan ohi da, izan ere, euri ura sartzea.
Zaborrarekin kutsatu eta iragazi egin ohi da ur hori, lixibiatuak sortuz. Lurrera iragazteko arriskua izan ohi da gero. Harik eta lixibiatu gutxien sortzeko moduan prestatuko dute zaborrarentzako zulo hori, eta lurrera ez iragazteko moduan jarriko dute.
Lixibiatuen sorrera erabat saihestea ezinezkoa dela-eta, beraz, ur horiek jasotzeko eta konposatu kimiko arriskutsuenak kentzeko plantak ere lanean jarraituko du San Markon.
Hondakin horiek, zigilatuta ere, bizirik jarraituko dute lauzpabost urtez. Itxasok azaldu duenez, metanoa askatzen jarraituko dute, eta CO2ak baino hogei aldiz kalte gehiago eragiten du metano gasak. Gas horiek atzemateko eta haiekin energia sortzeko azpiegiturak ere jarriko dituzte, beraz, zigilatutako poltsa horretan.
Lauzpabost urtean, egonkortuta
Itxasok azaldu du San Markon jasotako hondakinen %40 eta %50 artean materia organikoa izan dela. Materia organikoa da usaina eragiten duena eta metano gasa sortzen duena. Denborarekin, baina, usteltzen joango da, eta lauzpabost urtean guztiz egonkortuko dela kalkulatzen dute.
Behin hondakinak egonkortuta, zabortegian beste ekintza batzuk egin beharko dituztela jakinarazi du Itxasok. Edozein kasutan, lur horiek hamarkada askotarako segituko dute kutsatuta.
Horregatik, lur horiekin etorkizunean zer egingo den ez dagoela argi eta erakunde publikoen artean denborarekin adostu beharko dela azaldu du. Donostia, Astigarraga eta Errenteriako lurrak hartzen ditu zabortegiak. Eraikuntza lanik ez, baina inguruko "korridore berdeko" parte izateko aukerak baditu inguruak, dena den, Itxasoren ustez.