Denis Itxaso Donostiako zinegotzi, San Markoko kide eta Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko lehendakariordearen aurkako kereila kriminala jarri du San Marko mankomunitateak, «mehatxuengatik».
Itxasok mankomunitateko idazkariari idazki bat igorri zion ekainean, ohartaraziz Donostiako Udalak «era guztietako» ardurak eska zitzakeela haren aurka, baldin eta estatutuen inguruan argitaratzera zihoan zuzenketarekin aurrera egiten bazuen.
Hain zuzen ere, idazkariak uztailean ezagutzera eman zuen txosten bat mankomunitatearen estatutuei buruz. Txosten hartan frogatzen zuen 1994tik aurrera mankomunitateak erabilitako estatutuak ez zirela legezkoak, mankomunitateko batzarrak eta udalek ez zituztelako onartu.
1994an Hernani, Urnieta, Lasarte-Oria eta Usurbilgo udalak batu zitzaizkion mankomunitateari, eta horrekin batera estatutuen lehen artikulua aldatzeko proposamen bat egin zuten mankomunitatearen eskuduntzak handitzeko. Besteak beste, proposatu zuten hondakinen tratamendu «integrala» ematea mankomunitateari. Ordura arte, bakarrik «deuseztea» eta tratamendu tekniko sanitarioa zeuden San Markoren esku.
Aldaketa ez zen onartu, baina mankomunitateak estatutuen lehen artikulu aldatuarekin funtzionatu du ordutik, eta hori dela eta hartu du, besteak beste, birziklatzearen gaia bere gain.
Hori hala izanda, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoari San Marko mankomunitateak eman zizkion berez ez zituen eskuduntzak 2007an, betiere mankomunitateko arduradunek aurkeztutako kereilaren arabera. Iturri horiek diotenez, San Markok ezin zizkion eman hondakinak errausteko edo birziklatzeko eskuduntzak partzuergoari, eskuduntza horiek ez direlako bereak, udalenak baizik. Hori dela eta, kereila jarri dutenen arabera, «partzuergoak ez du zilegitasunik San Markoko eremuko hondakinak errausteko».
1994tik erabilitako estatutu horiek legezkoak ez zirenez, mankomunitateak benetako estatutuak argitaratu zituen Gipuzkoako Buletinean uztailaren 5ean. Eta, horri erantzunez, Donostiako Udalak administrazioarekiko auzi prozesua zabaldu zuen.
Agiriak «faltsutzea»
San Marko mankomunitateak eta haren jarduneko lehendakari Imanol Azpirozek Donostiako Instrukzio Epaitegian ezarritako kereilaren arabera, mehatxuen delitua ez ezik, agiriak faltsutu eta auzibidean agiri faltsuak ere erabili dituzte auzi honetan. Horiek ez dizkio Itxasori leporatzen, ordea.
San Marko mankomunitateak auzibide bat baino gehiago dauzka irekita errauste plantari eta Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoari lotuta. Esaterako, EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion auzi batean: Txingudiko mankomunitatea partzuergoan sartzeko estatutuen aldaketa ez zela legezkoa izan deliberatu zuen auzitegiak, ekainaren 17an kaleratutako epaian.
Heldu den asteko asteartean,urriaren 5ean, PSE-EEk, EAJk eta H1ek adostuta, Juan Carlos Merino Errenteriako alkateak (PSE-EE) hartuko du mankomunitatearen ardura. Gauzak horrela, espero izatekoa da gobernu talde berriarekin mankomunitatea auzibide horietatik guztietatik irtetea. Edonola ere, Denis Itxasoren aurka jarritako kereilaren kasuan, Imanol Azpiroz ere aurkeztu da. Beraz, epaileak ikertzea erabakitzen badu, aurrera egingo du.
San Markok Denis Itxasoren aurkako kereila kriminala jarri du, «mehatxuengatik»
Mankomunitatearen estatutuak zuzendu zituen idazkariari egin zion mehatxu ustez, gutun baten bidez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu