San Markosko Mankomunitatearen zuzendaritza aldaketak ekarri du ondoriorik. Izan ere, Gipuzkoako beste hiru mankomunitateetako egungo lehendakariek adierazi dutenez -Sasietakoak, Urola Erdikoak eta Urola Kostakoak-, San Markosek ofizialki erraustegi plantaren kontra egiten badu, euren zabortegiek ez dute hango hondakinik hartuko -gaur egun hartzen ari dira-.
Horixe jakinaraziz gutuna idatzi diote Pello Garaialde Sasietako jarduneko lehendakariak, Julian Eizmendi Urola Erdiko jarduneko lehendakariak eta Lide Amilibia Urola Kostako lehendakariak Ricardo Ortega San Markosko presidente berriari.
Lehengo astean gertatu zen zuzendaritza aldaketa San Markosen, EBren eta EAE-ANVren akordioari esker, biek agintzen dute orain, eta errausketa ez den beste tratamendu batzuk erabiliko dituen "alderantzizko eredua" bultzatzeko asmoa azaldu zuten. Jarrera hori “errespetatu” egiten dutela diote Sasietak, Urola Erdiak eta Urola Kostak, “hori bai, asmo horiek dituzten ondorio guztiekin”. Hau da, San Markosko hondakinak ez onartzea euren zabortegietan (Beasainen, Azpeitian eta Zarautzen, hurrenez hurren).
“San Markosek 2006ko azaroaren 16an Sasieta, Urola Erdia eta Urola Kostako mankomunitateei ‘solidaritatea’ eskatu zien, ‘era bateratuan eta elkarrekin proiektu bat aurrera eramateko’, proiektu horren ardatza erraustegia izanik. Idatzi hartan Beasain, Azpeitia eta Zarauzko zabortegietan ‘aldi baterako’ zaborrak jasotzea eskatzen zitzaigun, aipatutako erraustegia martxan jarri bitartean”, diote Garaialdek, Eizmendik eta Amilibiak gutunean.
Gipuzkoako hondakinen mankomunitateek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak hitzarmena egina dutela gogoratu dute hirurek eskutitzean, “San Markosko zabortegia poliki-poliki ixten joateko, han bota ohi diren hiri hondakinak pixkanaka Sasieta, Lapatx eta Urteta (Zarautz) zabortegietara eramateko (2007ko martxoaren 23an hasi ginen), eta Donostiako udal mugapean erraustegi bat eraikitzeko (San Markosko zabortegia bera eta 2009ko uztailerako beteta geratuko liratekeen beste hirurak ordezkatu eta txanda emateko)".
San Markosko zuzendaritza berriak erraustegiaren inguruan daukan jarrerak gauzak aldatu egin dituela onartu dute. “Azkenean erraustegirik ez badugu egin behar, batetik besterako hondakin garraio solidariorik ere ez da egongo, solidariatea, egotekotan, ez delako alde batekoa bakarrik, bi aldeena baizik”. San Markosek modu ofizialean erraustegi planta berresten edo baztertzen duen jakin nahi dutela diote.
Ingurumena
San Markosek ez badu erraustegi planta nahi, hango hondakinik ez dute onartuko beste hiru zabortegiek
"Azkenean erraustegirik ez badugu egin behar, batetik besterako hondakin garraio solidariorik ere ez da egongo, solidariatea, egotekotan, ez delako alde batekoa bakarrik, bi aldeena baizik”, diote Sasieta, Urola Erdia eta Urola Kostako mankomunitateetako lehendakariek. Zuzendaritza aldaketa gertatu zen lehengo astean San Markosen, eta EB eta EAE-ANV daude agintzen orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu