Azken orduak zerura begira egin dituzte donostiarrek, eguraldi txarrak hiriko ospakizun nagusia zapuztuko zuen beldur. Ez da, ordea, halakorik izan, eta, urtero moduan, gauerdian banderaren igoerarekin batera hasi dira lehen danbor hotsak entzuten.
[youtube]https://youtu.be/URQJ12OJATI[/youtube]
Gaztelubideko danborradak eman dio hasiera 24 orduko ospakizunari. Horren aurretik, hala ere, hiritar merezimendu sariak banatu zituen atzo Donostiako Udalak. Paul Zubillaga medikuak, Ponsol Etxeak, Izan Norbera fundazioak, Intxaurdi Kirol Elkarteak eta Club Gimnasia Ritmica Donostik jaso dituzte aurtengo dominak.
[youtube]https://youtu.be/QIV29j9nuDQ[/youtube]
Gaur, berriz, Urrezko Danborra jaso du Richard Oribe igerilariak. Lehen aldiz, hiritarrek eurek aukeratu dute aurtengoan sariduna, eta 6.135 boto jaso ditu Oribek. Eguerdian jaso du igerilariak sari preziatua. "Bizitzak jarritako oztopoak gainditzea posible denaren adibide da Oribe", nabarmendu du Eneko Goia alkateak.
Donostiako Urrezko Danborra Richard Oribe kirolari handiari Donostiako udal batza aretoan emozioz txakotu du saria. Jon Maiak dantzatu dio ohorezko Kontrapasa. Zorionak Richard pic.twitter.com/W7PQTpAA96
— Bingen Zupiria (@ZupiriaB) 2018(e)ko urtarrilak 20
Egun berezia izaten ari da gaurkoa kirolariarentzat. Izan ere, berak behin baino gehiagotan esan duen moduan, domina guztiak baino sari handiagoa da Urrezko Danborra jasotzea. Horretaz gain, gauerdian berak eman dio hasiera San Sebastian egunari, Gaztelubidekoekin batera.
Sari banaketa baino minutu batzuk lehenago abiatu da haur danborrada ere. Txikienen desfilea kolokan egon da azken unera arte, eguraldia dela eta. Azkenean, ordea, arazorik gabe abiatu da. Orotara, 5.000 haur eta gazte inguruk parte hartu dute bertan.
Haur danborrada hasi da #Danborrada#Donostia#tamborrada2018pic.twitter.com/rJIp76l40z
— Nagore Belastegi (@Belastegi) 2018(e)ko urtarrilak 20
Hiru eguneko jaia Azpeitian
Azpeitian ere gauerdiko kanpaiekin batera hasi da jai handia. Herriko plaza bete dute danbor-jole eta ikusleek, San Sebastian martxa-ren doinuari jarraituz.
[youtube]https://youtu.be/z7-qVCa94zE[/youtube]
Gaur Azpeitian ere txikienen txanda izango da. Ehunka haur eta gaztek hartuko diete tokian helduei, eta bihar, berriz, zezen txikiak eta sokamuturra izango dira.