EUSKAL PRESOAK

Sanchez: "ETA garaitua izan da, eta espetxe politika berrikusi behar da"

Espainiako Gobernuko presidentea bestelako espetxe politika baten alde agertu da Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin eginiko agerraldian.

Sanchez eta Merkel, Berlinen eginiko agerraldian. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
jon olano
2018ko ekainaren 26a
07:22
Entzun

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak berriro hitz egin du euskal presoekiko espetxe politika moldatzeko beharraz. Berlinen izan da Sanchez, eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin eginiko agerraldian izan du gaia hizketagai.

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariarekin elkartu zen atzo Sanchez, eta kartzela arloa "normalizatzeko" lantalde bat eratuko dutela jakinarazi zuen Urkulluk. Gaiaz galdetuta, gaur erantzun du gobernuak "beste modu batera hurbildu" beharra duela "jada erabat ezberdina den errealitate batera".

Azaldu duenez, atzoko bileran Urkulluri esan zion espetxe politika berrikusteko prest dagoela gobernua, eta erantsi du gai horretan "argia" dela: "Ez naiz ezkutatzen". ETAren amaiera jo du giltzarri, eta indar politikoei eskatu die gaia ez izatea "zatiketarako elementu bat".

Ildo horretan, "argi luzeak" jartzeko eskatu du: "Euskal Herrian bizikidetza are gehiago normaldu behar dugu, eta gobernuak ikuspegi horretatik egingo du lan". Bestalde, Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko harremanak normaltzeko beharra azpimarratu du, eta, testuinguru horretan, Urkulluren "tonu eraikitzailea eta jarrera" eskertu ditu.

1979an onartu zuten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako estatutua, erreferendum bidez, eta, harrezkero lege organikoa den arren, Madrilek oraindik 37 eskumen ditu igortzeke, Jaurlaritzak iazko irailean argitaratu zuen txosten baten arabera. Horietatik 30 baino gehiagoren inguruan lan egiteko prest azaldu da Sanchez.

Jonan Fernandez "oinarrizko mintzaide"

Hala ere, oharra egin dio Aitor Esteban EAJko diputatuak Sanchezi, esanaz espetxe politika ezin dela geratu ETAren biktimen elkarteen esku. Horrekin batera, gogorarazi du "denek, baita PPk ere" esan izan dutela ETA desagertzean "espetxe politika egokia" ezarri behar dela.

Bestalde, Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkaria izango da Espainiako Gobernuarekin espetxe politikaz hitz egiteko "oinarrizko mintzaidea", Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak gobernu kontseilu osteko agerraldian azaldu duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.