GENERO INDARKERIA

'Sanfermin.com' webguneak iragarki sexista bat erretiratu du

Kukuxumusuk kudeatzen du webgunea, eta adierazi du "erabiltzaile batzuen" kexuengatik kendu dutela.

2014ko uztailaren 2a
17:57
Entzun

Sanfermin.com eta Descapada.es webguneek elkarlanean martxan jarritako kanpaina bat promozionatzeko iragarki baten moldaketa da erretiratu dutena, "webgunearen erabiltzaile batzuen aldetik kexuak jaso" dituztelako, "sexistatzat" dutela eta. Hala adierazi dute webgunean bertan argitaratutako oharrean. Iragarkian, entzierroko korrikalariak ageri dira, tartean neska bat, kamiseta altxatzen ageri dena.


Oharrean diotenez, "gai honekiko sentsibilitate maila ez du webguneak ezartzen, baizik eta erabiltzaile eta bisitariek". Ohartarazi dute "irudi originalean" ageri direla "neska bat kamiseta altxatzen eta mutil bat prakak jaisten", eta, horregatik, "irudipena" dutela iragarkia ez dela "sexista".


Hala ere, ez dute "jendearen asmo ona" dudan jartzen, eta iragarkia moldatzea erabaki dute. Gaineratu dute defendatzen dutela "sanferminetan zein edozein esparrutan jendeak bere gorputzarekin nahi duena egiteko eta erakusteko eskubidea" duela, eta gaitzesten dutela "eskubide horren edozein urraketa", bai eta "emakumeen aurkako edozein jokabide iraingarri, sexista, diskriminatzaile eta erasotzaile". Eta gogorarazi dute "gai honekin sentsibilizatzeko asmoz" martxan dutela aspalditik "kanpaina espezifiko" bat "bortxaketa edo eraso kasu baten aurrean eman beharreko pausoen berri ematen duena".


Iragarki hau kentzeko eskatzera bultzatu duen kezka ez da berria; atzo, foruzaingoak jakinarazi zuen iaz txupinazo egunean izandako erasoak saihesteko asmoz neurriak indartuko dituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.