Sanferminetarako gobernua osatuta egotea espero du Miguel Sanzek

UPNri agintzen jarraitzeko bidea eman nahi badio aitzakiak alboratu ditzala eskatu dio Arangurenek PSNri

joxerra senar
Iruñea
2011ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Ohi bezala, Miguel Sanz Nafarroako lehendakariak argi hitz egin du. Sanzek aitortu du erabateko lasaitasuna zuela PSNren asmoen inguruan: «Esan nuen zalantzarik ez nuela eta, azkenean, PSOEk ez zuela onartuko, ezta ustekabean ere, alternatibaren bat osatzea Bilduren inguruan». PSNk Roberto Jimenezen hautagaitza aurkeztea baztertuta, Sanzek uste du herritarren nahia bete dela, hauteskundeetako «benetako irabazlearen» inguruan osatuko delako gobernua. Sanferminetarako gobernua osatuta egotea espero du, gainera. «Nik uste dut baietz», erantzun du.

Hala ere, zalantza izpi bat geratzen zaio oraindik. «Nahiko nukeen gauzak denbora laburragoan konpondu izan balira, zalantzak lehenago argitu izan balira, eta ez dakit konponduak diren». Haren ustez, beste alderdiei falta izan zaie onartzea UPNk irabazi dituela maiatzaren 22ko hauteskundeak. Era berean, berretsi du PSOEk ez duela Bilduren botorik onartuko, «nahiz eta agintari batzuen adierazpenek susmoak piztu». Hala, UPNren eta PSNren arteko gobernu baten alde egin du: «Nafarroarentzat onena gobernu egonkor eta proportzionatu bat da».

Gaur erabakiko da zer egiten duen PSNk Iruñeko Udalean. Asteon, PSNk hala Nafarroako Gobernuan nola beste udaletan alternatiba osatzeko marra gorriak ezarri dizkio Bilduri; hala nola ETAri desegitea publikoki eskatu diezaiola exijitu dio.

Hori ikusirik, Eva Aranguren Iruñeko alkategaiak eskatu dio PSNri aitzakiak alboratzeko. Gernikako Akordioaren lehen puntuaren edukia gogorarazi du—«ETAk nazioarteko komunitateak egiaztatzeko moduko su-eten iraunkor eta alde bakarrekoa aldarrikatzea, jarduera armatua behin betiko uzteko borondatearen erakusgarri gisa»—.

Bere ustez, horrek erakusten du indarkeria interes alderdikoiekin erabiltzen duela PSNk eta bilerak «antzerkia» baino ez direla izan. Beti aurkitzen dute errudun bat. Gogora ekarri du 2007an NaBai zela eta orain, berriz, Bildu. Argi utzi du Iruñean gobernu alternatiboa osatu dadin UPNri alternatiba egingo dion hautagaitza bakarra hitzartu behar dela. Enrique Maia azkenik alkate bada, «gai estrategikoetan» elkarlanean aritzea proposatu die NaBai-2011ri eta Ezkerrari.

NaBaik, berriz, kritikatu zuen atzo ez zutela PSNren erantzunik jaso. Herenegun gobernu koalizioa osatzea proposatu zioten, eta sozialistak atzo erantzutekotan geratu arren, ez zuten ezer esan. Zalantza gaur argituko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.